URRETXA Mikologia elkarteak antolatuta, mikologia jardunaldiak ari dira izaten Hernanin aste osoan zehar. Gaur mahai ingurua emango dute perretxikuen gaineko adituek. Jexux Mari Irazu
Urretxa elkarteko kideak Kronikari adierazi dionez, badira zenbait perretxiku gaitzak sendatzen dituztenak. Indiako perretxiku batek adibidez, minbizia eta kolesterola konbatitzen dituela esaten omen da eta Urnietako biberoetan badaukate. Bertako perretxikuei dagokienez, udaberriko xixa sendagarria omen da eta Ganoderma Lucidum perretxikua hauts bihurtu eta infusioan hartzeak ere onura asko omen dakarzki, besteak beste.
Hitzaldia, arratsaldeko 19:30etan izango da Biteri kultur etxean.
Igandean erakusketa
Datorren igandean perretxiku erakusketa jarriko dute Plaza Berrian Urretxa elkartekoek. Biteriko paperetan eta Kronikan erakusketa astean zehar Biterin egongo zela jarri dugu, baina, azkenean igandean izango da, eta Plaza Berrian. Erakusketa honetan 180 bat perretxiku klase egongo dira eta perretxikuak probatu ere egingo dituzte. Irazuk dioenez perretxiku asko dira jangarriak eta oso goxoak, nahiz eta hemen gutxi batzuk bildu.
Inguratzen denak izango du halako batzuk gehiago ezagutzeko aukera.
Hemen perretxiku-urte kaxkarra
Nafarroako zenbait lekutan eta Araban perretxiko askoko urtea izan dute, baina, hemen
gutxi bildu du jendeak. Irazuk aitortu digunez orain ari dira onddoa biltzen Goizueta inguruan-eta, baina, orain artean ez da ezer asko izan.
Urte sasoia bukatzen ari den galdetuta, perretxikua urte osoan bildu litekeela esan digu Irazuk, baina, horretarako klaseak eta lekuak ezagutu behar direla.