Odola emateko zita bihar, anbulategian

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 2a

Hilabeteko lehenengo asteartea izanik, odola emateko aukera izango da bihar arratsaldean Hernaniko Anbulategian. Estrakzioak arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara egingo dituzte. Odola eman ahal izateko beharrezkoa da hitzordua aurretik eskatzea, erizainen lana errazagoa izateko. Horretarako, bi modutara egin daiteke eskaera: 943 00 78 85 telefono zenbakira deituta edota gotanta.eus webgunearen bidez online hitzordua eskatuta. Hernaniko Odol Emaileen taldetik herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia, behar haundia dagoela jakinarazita. Deialdiarekin batera, urriko estrakzioen balorazioa ere egin dute Odol Emaileen taldekoek. Guztira, 49 pertsonari atera zieten odola, horietako bost odol emaile berriak izan ziren, eta biharkoan zifra horretara iristeko desioa adierazi dute: «Benetan datu ona da guretzat. Ea azaroan errepikatu dezakegun!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!