Yemen: Gosea, gerraren beste zauria erakusketa izango da ikusgai bihartik azaroaren 28ra arte, kulturarteko Plaza Feministan. Hariak Zinemaldiaren barruan kokatzen da eta bidaia bisual honen bidez Pablo Tosco foto-kazetariak irudien protagonisten borroka eta erresilientzia istorioak ezagutarazi nahi ditu. Erakusketa 27 argazkiz osatzen da.
Argazki horietatik bat World Press Photo 2021 erakusketan saritua izan zen. Itsasoan arrantzan ari den emakume baten eta haren semearen erretratua da, Yemengo familia batzuek gordetzen duten baliabide urrietako bat. Oraingo honetan, hernaniarrak Kulturarteko Plaza Feministara hurbildu ahal izango dira fotokazetari argentinarrak Yemenen sortutako erreportaje osoa ikustera.
Pablo Toscok, 2021ean World Press Photo saria irabazi zuen foto-bideo-kazetari argentinarrak, bere lana gatazka armatuek, krisi klimatikoak eta desberdinkeriak pertsona ahulenen bizitzan duten inpaktuan ardaztu du. Lan hauek Espazio Angularren (giza eskubideetan zentratua) eta Sonda Internacionalen (krisi klimatikoan espezializatua) aurki daitezke.
Erakusketa programa zabalago baten parte da, Banka Armatua armagabetzen, SETEM Hego Haizea GGKEak irailetik abian jarritako jardunaldiak hain zuzen ere. Jardunaldi horietan Hernani bisitatu zuen Mónica García Prieto kazetariak. Ziklo horren bidez, gerren salaketa eta horietan ohiko bankuen inbertsioen erantzukizuna gogora ekarri nahi ditu SETEMek. GGKEak osatzen duen Banka Armatua kanpainak salatzen du lau armetatik hiru ezingo liratekeela fabrikatu bankuen finantzaketarik gabe, eta finantza-erakundeei exijitzen die industria militarrean inbertitzeari uzteko, arma nuklearren fabrikaziotik mugen militarizatzeraino.