Iñigo Legorburuk irabazi du beldurrezko mikroipuinen saria, eta bigarren izan da Iñaki Sanz-Azkue

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 2a

Iñaki Sanz-Azkue eta Iñigo Legorburu, sari banaketan.

Hondarribian izan dira sarituak, 25 lanen artean, 'Ezkontza' eta 'Esku txiki bat' mikroipuinekin.

 

Iñigo Legorburu izan da Hondarribiako beldurrezko mikroipuinen sariaren irabazlea, eta bigarren saria eskuratu du Iñaki Sanz-Azkuek. Ezkontza mikroipuinarekin lortu du lehenengo saria Legorburuk, eta dagozkion 350 euroak. Sanz-Azkue, berriz, 'Esku txiki bat' lanarekin izan da bigarren. 25 lan aurkeztu ziren helduetan eta gazteetan, beste 56 lan. Epaileak Ainara Elizondo, Gorka Bereziartua eta Kotte Guevara izan ziren. Ondoren irakurri daiteke Legorbururen beldurrezko mikroipuina.

'EZKONTZA' (Iñigo Legorburu)

Aita gorpu dago baina ez guztiz hilotz, dirudienez. Hura lurperatu ostean, bere mugikorrera mezu bat iritsi delako: Asteartero bezala, Grand Hoteleko 103. Gelan itxarongo zaitut, zazpiretan. Aitak bazituen desira ezkutuak antza, ondoan negarrez daukadan amak ez dakizkienak.

Asteartean Grand Hotelera joan naiz eta esandako gelan atea kax-kax jo ostean, hura misteriotsuki ireki eta niri bizkarra emanda leihoan bere amorantea deskubritu dut.

Nigana itzuli denean, argitu dit: Heriotza batek beste bat dakar,ezkontzetan bezala. Eta hil nahi ez baduzu, nirekin egin beharko duzu larrutan astero zure maitasunez ni biziberritzen jarraitzeko.

Dama Beltzaren garezurrean, irribarre bat marraztu da.

 

'ESKU TXIKI BAT' (Iñaki Sanz-Azkue)

Biziraupena zorte kontua baino ez da kartzela ireki honetan. Oihal zati bat dugu gotorleku birrinduriko eraikuntzen desertu grisean; eta gosea bizilagun eternala da.

Gaur zure esku txikia sentitu dut nirea heldu nahian eta ikara guztiak azaleratu zaizkit bapatean. Bihotza hilerri bat da. Hil ziren sentimenduak, hor nonbait, gurasoak erahil zizkigutenean.

Zure lehen eguna da elikagaiak banatzeko gunera bidean, eta nik infernu hau amaitzea baino ez dut nahi, armak guri begira dituztela, Israelgo soldaduen gorrotoa usaintzen dugun bitartean. Horregatik, eskua heldu dizut. Eta orain, desira bat baino ez dut bihotzean: gorputzean dudan dardara zure esku txikira ez iristea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!