Pasa den ostiralean, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan egin zen Osoko bilkuran, Irene Arrarats Lizeaga hernaniarra aurkeztu zen euskaltzain oso izateko hautagai. Irene Arrarats itzultzaile, zuzentzaile eta euskaltzain urgazlea da. Gogoratu behar da Andres Alberdi emeritu izatera igaro zela uztailaren 1ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan Getariako hizkuntzalariak, eta uztailaren 18an, Bilbon egin zen Osoko bilkuran, zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea.
Horretara, Akademiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, azaroaren 28ko Osoko bilkuran egingo den bozketan jakingo da Andres Alberdiren lekua Irene Arraratsek hartuko duen edo ez.
Irene Arrarats Lizeaga, 1967an jaio zen Hernanin eta Geografia eta Historian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalean, euskerazko prosa lantzeari lotu zaio hasieratik, kazetaritzako idazkuntza lantzeari bereziki, eta alor horretan dihardu orain ere.
Euskaldunon Egunkarian aritu zen 1991z geroztik 2003ra arte, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskera-arduradun gero. 2003an bertan hasi zen euskera- arduradun Berria egunkarian, eta horretan dabil harrezkero. 2001ean argitaraturiko Egunkariaren azken estilo-liburuaren egileetako bat izan zen, eta orain Berriaren estilo-
liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da.
Euskaltzaindiarekin ere hartu-eman haundia izan du Arraratsek 2007az geroztik, eta zenbait batzordetan aritzen da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an.
Irene Arraratsek feminismoa eta euskera uztartu ditu bere ekarpen teorikoetan. Itzultzaile ere aritzen da, eta, besteak beste, hark euskeratuak dira Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera (2019), Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat
ezkerrarentzat (2021, beste batzuekin batera), Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023) eta Atef Abu Saiden Gazako egunerokoa lekukotasun-liburua (2024).