Himalaya aldean eman dituzte azkeneko hiru asteak Juanra Jodar eta Mikel Zubeldia hernaniarrek, Joseba Belaustegi usurbildarrarekin batera. Everest inguruko Inkhu bailaran barrena ibili dira, Mera Peak (6.476 metro) tontorrera igotzeko asmoz. Urriaren 24an egin zuten gailurrera iristeko saiakera, goiko kanpalekutik (5.800 metro) goizeko 02:00etan abiatuta. Haize bortitzak eta -27 graduko hotz sentsazioak atzera eginarazi zien Jodarri eta Belaustegiri, baina gailurrera igotzea lortu zuen Zubeldiak, 08:30etan, Dana xerparekin. Egun hartan saiakera egin zuten 52 lagunetik, 13 soilik iritsi ziren gora.
Hirukotea onik bueltatu zen behera, eta bere bidea jarraitu zuen, baina hasierako plana aldatuta: ezin izan zuten Amphu Latchako pasabidera iritsi, zikloi baten ezohiko elurteak bidea itxi zuelako. Zatra La pasabidetik egin zuten Lukla aldera, baina beste zikloi batek «elurte erraldoia» zekarrela ikusita, arrapaladan egin zuten ihes Kathmandura. Bertan dira orain, atseden hartzen, eta etzi itzuliko dira Hernanira, motxiletan «paisaia zoragarriak, mendizaleen arteko giro paregabea eta xerpen irriparra eta grina» dakartzatela.