Hitzordu berezia dauka Jon Vacas Mugica moda-diseinatzaile hernaniarrak, datorren asteazkenean. Köe Atelier markaren sortzailea da hernaniarra, eta bere bilduma berria aurkeztuko du Gasteizen: 'Estructuras de viento'. Europa Biltzar Jauregian egingo dute desfilea, iluntzeko 20:00etan hasita.
«Bilduma sofistikatu bat da, Eduardo Chillida eskultorearen unibertsoan inspiratua, forma, hutsune eta oreka kontzeptuen arteko harremana aztertzen duena», azaldu du Vacasek: «Silueta eskulturikoak, ebaki arkitektonikoak eta paleta soila erabiliz, jantzi bakoitzak iradokitzen du artistaren eskulturetan dagoen indarra eta arintasuna».
Gainera, nabarmendu du «ehundu aberatsak eta ehun inguratzaileek» irudikatzen dutela artearen eta modaren arteko fusioa, «etereoaren eta sendoaren arteko elkarrizketa sortuz». Horrela, Vacasen proposamenak «adierazpen artistiko» bilakatzen du jantzia, «mugimenduaren eta egituraren kontzeptuak berrinterpretatuz».
Bilduma honen bitartez, eskualdeko sormen berritzailea jarri nahi izan du balioan diseinatzaile hernaniarrak.
Desfilera bertaratu nahi duenak, sarrerak eskuragarri dauzka Entradium plataforman (entradium.com), 'Pasarela Gasteiz On Otoño-invierno 2025' izena daukan atalean.