Ideia lehiaketa martxan, Urumean kultur eraikin berria egiteko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 1a

Lehen Urumea ikastolaren eraikina zegoen eremuan egingo dute kulturgune berria.

Arkitektura-enpresek abenduaren 4ra bitarteko epea izango dute, kultur eraikin berrirako proposamen orokorra aurkezteko.

 

Abiatu du aurreneko fasea Hernaniko Udalak, kultur eraikin berria izango dena diseinatzeko, Urumea ikastola zaharra zegoen eremuan. Arkitektoentzako ideia lehiaketa jarri du martxan, eta abenduaren 4ra arte izango dute epea arkitektura-enpresek, eraikinerako proposamen orokorra aurkezteko.

Epea bukatuta, epaimahai profesional batek aztertuko ditu jasotako proposamen guztiak. Honakoek osatuko dute epaimahaia: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo ofizialeko arkitekto batek, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskolako irakasle batek, eta Hirigintza eta Kultura arloko hiru udal teknikarik.

Proposamen guztien arte­an, hiru aukeratuko ditu epaima­haiak, hurrengo fasera pasako direnak. Orduan, aukeratutako proposamenen arkitektoek 45 eguneko epea izango dute aurreproiektua osatu eta aurkezteko.

 

Herritarrek bozkatuko dute gustukoena, hiru proposamen finalisten artean

Aukeratutako hiru aurreproiektu horietako bat izango da kultur eraikin berria garatzeko aukeratuko dutena. Eta horretarako, herritarrei ere emango die hitza Udalak. Arkitektoek aurreproiektuak aurkezten dituztenean, bere balorazioa egingo du epaimahai profesionalak, baina herritarrek ere izango dute iritzia emateko aukera.

Zehazki, erakusketa bat jarriko dute, hiru aurreproiektuak ezagutzera emateko; eta herritarrek aukera izango dute gustukoena bozkatzeko, hiru asteko epean. Aurreikusi dute 2026ko udaberrian izango dela hori.

Fase ezberdinak izango ditu eraikin berria gauzatzeko bideak, eta horiek dira aurreikusitako lehenengoak.

 

Ikuskizunetarako areto haundi bat eta entsaioetarako gelak, eraikin berriak

Orain hasiko da eraikin berriaren diseinua osatzeko prozesua, baina Udalak dagoeneko eman ditu aditzera kultur eraikinaren zenbait ezaugarri. Horrela, azaldu du ikuskizunetarako areto haundi bat izango duela, 500 eserlekurekin, eta zutik 800-1.000 laguneko edukierarekin. Eraikinak entsaio gelak ere izango dituela aurreikusi dute, besteak beste.

Udalak adierazi du, «herriko kultur ekipamenduen sarea osatzeaz gain», eraikin berriak balioko duela «Lizeaga-Tiloseta eremua biziberritzen laguntzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!