Bihar artisautza, nekazaritza eta bertsolaritza uztartuko dituzte Osiñagako Udazkeneko Azokaren hirugarren edizioan. Goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:30etara izango da azoka, Itsasburu sagardotegiko aparkalekuan. Sei postuz osatutako azoka izango da biharkoa, eta ondorengoak izango dira parte hartzaileak: Perrapa baserria, Arriatzu baserria, Telleria haragiak, Daniel Zurjolea, Auzoko sagardogileak eta Txintxuaenea gazta. Postuez gain, auzoko produktuekin egindako pintxoak izango dira herritarren gozamenerako eta erritmoa eta umorea jartzeko ardura izango dute Andoni Mujika 'Anatx' eta Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariek.
Aurten gainera, berrikuntza batekin dator Udazkeneko Azoka: gaztainak biltzeko otarrak egiten arituko da Daniel Lizarralde 'Zurjolea'. Aukera ederra ikusi du Zurjoleak herritarrei otargintza erakutsi eta artisautza lan honek atzean duenaz jabetzeko: «badirudi otargintza atzean gelditu dela, eta horregatik, Osiñagako Udazken azokara eramateko aukera ederra ikusi dugu. Baserri guztietan egon dira honelako otarrak, baina gaur egun, Gipuzkoan behintzat, hiru gara otargintzan aritzen garenak; Matximentako anaiak eta ni». Azokan bertan ariko da Daniel Zurjolea otarrak egiten, «erakustaldia eskainiko dugu, eta noski, otarrak salgai jarriko ditugu».
Azokan parte hartzeko gonbitea Osiñagako auzotarrek eskaini zieten, eta Daniel oso eskertuta agertu da: «Duela urte bat erosi nuen baserritxo bat Osiñagan, eta hasiera-hasieratik ederki tratatu ninduten, osiñagatarra sentiarazi zidaten bizilagunek, eta eskerrak eman nahi dizkiet».
'Zurjolea' ezizena, Danielek sortutako artisautza akademiatik dator: «duela 30 bat urte hasi nintzen zurtailla egiten, ikasten jardun nituen 10 bat urte, Londresera ere joan nintzen, eta Euskal Herrira itzuli nintzenean, ikusi nuen ezin nuela honetatik bizi. Beraz, familiari laguntzen jardun dut urte luzez, baina nire ametsa akademia bat irekitzea zenez, proiektuari eutsi nion, eta Zurjolea akademia ireki nuen 2010garren urtean. Hasieratik neukan argi irakaskuntza eta artisautza lotu nahi nituela, eta oso pozik nago. Bertan egiten dugu otargintza, zurtailla, errestaurazioa... 80 bat ikasle dauzkagu, oso martxa onean, ikasi eta ikasi!».
Ofizioa, afizio!
Danielek maite du bere lana, «egunero pozik esnatzen naiz, nire ogibidea gustatzen zaidalako, artisautza nire pasioa da», eta horregatik azpimarratu du oso pozik dagoela biharko hitzordurako: «nire egunerokoa erakutsiko diet hernaniarrei, eta egiten ditudan produktuei ikusgarritasuna emateko toki aproposa da Osiñagako Udazkeneko Azoka!».