Bigarren eskuko azoka berezia, bizikletekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025ko aza. 1a, 00:00

Komeni da aldez aurretik konprobatzea bizikleta egoera onean dagoela...

Azaroaren 8an egingo dute hurrengo azoka, bizikletei begirakoa: materiala erosi zein saldu ahal izango da.

 

Gaur zortzi izango du hileroko hitzordua bigarren eskuko azokak, Hernanin. Urbieta kalean izango da printzipioz, eta Atsegindegira mugituko dute euria eginez gero, ohi bezala.

Azoka bera, ordea, ezohikoa izango da azaroaren 8an: bigarren eskuko bizikleten azoka berezia izango da oraingoa. Hori horrela, herritarrek aukera izango dute bigarren eskuko bizikletak zein materiala erosteko, baina baita etxean daukatena saltzeko ere. Hortaz, aukera polita daukate txiki geratu zaion bizikletarekin zer egin ez dakienak, edota erabilitako bizikleta bat egoera onean eta merke erosi nahi duenak.

Erabilitako bizikletak eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuak dira saldu, erosi edo trukatu daitezkeenak: patinak, patineteak, arropa eta osagarriak, kaskoak...

Zerbait saldu nahi duenak, goizeko 09:00etatik 10:30etara izan­go du objektuak azokara eramateko aukera, larunbatean bertan. Doakoa izango da gordailu eta salmenta zerbitzua, eta azokaren antolakuntza arduratuko da horretaz. Objektuek egoera onean egon beharko dute, eta norberak finkatuko du prezioa, baina ezingo da izan 300 eurotik gorakoa. Objektuen jabeek 13:30etan bueltatu beharko dute azokara, saldutakoaren dirua jasotzera, edo objektua bera berreskuratzera, saldu ez bada.

Bitarte horretan, 10:30etatik 13:30etara, zabalik egongo da azoka, eta herritarrek aukera izango dute bilatzen duten bizikleta, patinete edo kasko hori topatu eta eskuratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!