Las Rozasen bisita jasoko du Hernanik bihar, garaipenen bidera itzuli eta «arantzatxoa» ateratzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko urriaren 31

Anartz Elosegi lurrean, baloiaren jabetzari eusteko ahaleginean, Las Rozasen kontrako aurreko partiduan.

Sailkapenean pare-parean daude bi taldeak, eta partidu garrantzitsua jokatuko dute Landaren, 12:00etan. «Denboraldi hasieran markatu genuen etxeko partidu guztiak irabazteko erronka, eta horri eutsi nahi diogu», dio Anartz Elosegik.

Partidu gogorra bezain garrantzitsua jokatuko du Hernanik bihar, Ohorezko Elite Mailan. Las Rozas izango du kontrario, eguerdiko 12:00etan hasita, Landaren. Sailkapenean pare-parean daude bi taldeak, 16na punturekin, Hernani hirugarren eta Las Rozas laugarren.

Igoerako play-offari begira, garaipen inportantea litzateke biharkoa trikoloreentzat, bereziki aurreko asteburuko porrotaren ondoren: «Maila honetan, bi partidu jarraian galtzeak asko aldatzen du egoera, eta garrantzitsua da oraingoan garaipenen bidera bueltatzea», dio Anartz Elosegik. 

Jokalari hernaniarrak aitortu du «triste» bueltatu zirela Sant Cugatetik, defentsako bonusak azkeneko minutuetan egin baitzien ihes: «Partidu horretan, izan genituen momentu hobeak, eta beste batzuk okerragoak. Oso ondo ekin genion, baina baloiaren jabetza galdu genuen gero, eta behera egin zuen gure jokoak. Bukaeran izan genuen indarraldi bat, defentsako bonusa lortu nahian, baina ezin. Edozein kasutan, gauza asko egin genituen ondo. Horrekin geratu behar du­gu, eta akatsetatik ikasi. Beti da zaila etxetik kanpo irabaztea».

Hori horrela, «gogotsu» helduko diote biharkoari. «Landaren ariko gara berriro, eta eutsi nahi diogu denboraldi hasieran markatutako erronkari: etxeko partidu guztiak irabazi nahi ditugu». Gainera, badaukate «arantzatxo bat» ere, Elosegik aitortu duenez: «Aurreko denboraldian, azkeneko minutuetan kendu ziguten garaipena. Horri buelta eman nahi diogu oraingoan».

Badakite «partidu zaila» izango dela Las Rozasen kontrakoa, baina Landaren aritzearen indarra baliatu nahi dute: «Etxean beti daukagu plus bat, zale asko etortzen direlako. Haien beharra izango dugu bihar ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!