Hirugarren urtez jarraian, Udazkeneko Azoka egingo dute Osiñaga auzoan. Igande honetan izango da, goizeko 10:30etatik 13:30etara, Itxas-Buru sagardotegiko aparkalekuan.
Ohi bezala, auzoko ekoizleak izango dira protagonista, beraien postuekin jantziko baitute gunea. Bertan izango dira Perrapa baserria, Arriatzu baserria, Telleria haragiak, Daniel zurjolea, Txintxuaenea gazta eta auzoko sagardogileak.
Jan-edanik ere ez da faltako, eta sagardoari laguntzeko, auzoko produktuekin egindako pintxoak ere eskainiko dituzte. Gainera, herri kirol erakustaldia ere izango da bertan.
Osiñagako Auzo Elkarteak antolatu du azoka beste urte batez, eta herritar guztiei luzatu die bertara gerturatu, goizpasa ederra egin eta ekoizleen produktuak eskuratzeko gonbitea.