Hariak zinemaldiak eskainiko ditu punta puntako hamabi dokumental eta solasaldi

Iñigo Goñi Iradi 2025eko urriaren 29a

'Semillas de Kivu' dokumentalaren protagonistetako bat erakusten duen fotograma.

Gaur zortzi hasita, emanaldien segidan, gaietan sakontzeko aukera izango da adituekin.

 
 

Gaur zortzi hasiko da 'Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldia' Kulturarteko Plaza Feministan. Astebeteren faltan, aurtengo egitaraua zein gonbidatuak aurkeztu ditu Udalak.

Azaroaren 6tik 16ra, ostegunetik igandera dokumental-emanaldiak eta solasaldiak izango dira. Aurtengoan, «trantsizio ekologikoaren, gerraren eta migrazioen arteko hariak» ikusaraztea izango da helburu nagusia, nahiz eta bestelako hainbat gai ere landuko diren (aniztasun funtzionala edo emakumeen aurkako indarkeria, esaterako). «Munduko egoerak ezagutarazi eta gugan duten eraginaz hausnartzeko aukera da Hariak, baita guk ere egoera horietan dugun eraginaz kontzientza hartzekoa», adierazi zuen Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak aurtengo zinemaldiaren edizioaren aurkezpenean.

Dokumentalak jatorrizko bertsioan emango dira, euskaraz eta espainieraz azpidatziak. Saio guztiak doan izango dira.

Horrez gain, aurten Yemen: Gosea, gerraren beste zauria argazki-erakusketa izango da ikusgai Hariak-ek dirauen bitartean, Kulturarteko Plaza Feministan.

Pablo Tosco, 2021ean World Press Photo saria irabazi zuen argazkilariaren lana da. «Yemengo gatazka armatuan urteetan bizirik iraun duten pertsonen bizi-testigarantzaren ibilbidea biltzen du erakusketa honek. Gatazka hau Ameriketako Estatu Batuek eta Europako hainbat herrialdek elikatu dute Saudi Arabiako koalizazioari armak salduz».

Hariak-eko egitaraua biltzen duen liburuxka udal ekipamenduetan eskuratu daiteke.

 

EGITARAUA

HERNANI

Azaroak 6, osteguna: IREKIERA EKITALDIA

18:00etan: Dokumental guztien trailerrak ikusi ahal izango dira. Ondoren, Zona wao dokumentala (Ekuador), Ekuadoreko Amazoniako sakrifizio-eremuei buruzkoak, non petroleo enpresek bertako komunitateen bizitza mehatxatzen duten.

Solasaldian Nagore Eceiza Mujika, filmaren zuzendariak eta Haizea Bernas Loinaz Medicusmundi Gipuzkoako Gizarte Eraldaketarako Komunikazio eta Hezkuntza arduradunakparte hartuko dute.

Azaroak 7, ostirala:

18:00etan: Flying Hands (Pakistan). Entzumen arazoak dituztenentzat azpidatzia euskaraz eta espainieraz. Pakistanen pertsona gorrek bizi duten arbuioaren inguruko dokumentala.

Solasaldian Marta Gomez zuzendaria eta Aitor Bedialaunieta, Euskal Gorra Elkarteko presidentea izango dira. Solasaldian zeinu hizkuntzara interpretazioa egongo da.

Azaroak 8, larunbata:

11:00etan: Las semillas de Berta Cáceres (Honduras). Berta Caceres, Hondurasko giza eskubideen defendatzailearen iruditik abiatuta, berak ereindako haziak aztertzen ditu.

Solasaldian Dalila Argueta Hondurasko Giza Eskubideen Defendatzaile Sareko kidea izango da, Guapinol iabiaren aldeko borrokan aritua.

18:00etan: Semillas de Kivu (Kongoko Errepublika). Gerrillek taldean bortxatutako emakumeek bortxaketen ondoren erditutako haurtxoak onartzeko tratamendu psikologikoaz dihardu.

Ondoren, Mama (Kongoko Errepublika) ikusteko aukera izango da, Kahuzi-Biega parke nazionaleko Lwiroko primateak babesteko santutegiari buruzkoa.

Solasaldian Nicole Ndongala Nzoiwid giza eskubideen defendatzailea mintzatuko da, Kongoko emakumeen Espainiako plataformako kide eta Karibu elkarteko zuzendaria dena.

Azaroak 9, igandea:

11:00etan: Gerra hemen hasten da (Euskal Herria eta Yemen). Bilboko Portuan suhiltzaile batek Yemengo populazio zibilaren kontra erabiliko den arma-kargatze batean parte hartzeari uko egiten dio.

Solasaldian Emakumeok Gerraren Aurka taldeko kideek euren borroka azalduko dute.

18:00etan: Dabruneba (Europa). Sofikok zazpi urte zeuzkala Georgiatik Bartzelonara (Herrialde Katalanak) egindako bidaia berregingo du atzerako bidean, umetako lagunekin.

Dokumentala egin duen kolektiboak (Paloma Bercovich, Júlia Farràs eta Mar Garro) Europako migrazio politikei buruz hitz egingo du.

Azaroak 13, osteguna:

18:00etan: Hay alguien en el bosque (Bosnia-Herzegovina). Bosniako gerran bortxaketen ondoren jaiotako hiru haurri ahotsa ematen dio dokumental honek.

Dokumentalaren egileek, Teresa Turiera-Puigbò eta Erol Ileri, hartuko dute hitza solasaldian.

Azaroak 14, ostirala:

18:00etan: Esto es fracking (Argentina). Vaca Muerta eremuko biztanleek haustura hidraulikoarengatik jasaten dituzten kolonialismo klimatikoaren ondorioei buruzko dokumentala.

Mikel Otero, Fracking Ez Araba eta EH Bilduko Trantsizio ekologikoko idazkaria ariko da

ondorengo solasaldian.

Azaroak 15, larunbata:

11:00etan: Mariposas negras (Antilla Txikiak, Kenia-Uganda eta Mendebaldeko Bengala). Klima- aldaketaren ondorioz migratzea beste aukerarik izan ez duten hiru lagunen bizipenak.

Solasaldian Javi Raboso Greenpeaceko kide eta soziologoak migrazio klimatikoak izango ditu hizpide.

18:00etan: We are migrants (Europa). Migratzaile eta errefuxiatuen aldeko Europako eragileen ahotsak biltzen ditu, eskuin muturraren gorroto arrazistaren diskurtsoaren aurrean.

Solasaldian Cristina Cardín zuzendaria izango da.

Azaroak 16, igandea:

18:00etan: La raíz del olivo (Kuba-Palestina). Beren aberritik urrun bizi diren bost palestinarrek beren esperientziak kontatzen dituzte.

Gazatik ihesi, Hernanin errefuxiatuta dauden Sol Band taldeko gazteen bizipenak entzun ahal izango dira. Haien musikarekin emango zaio bukaera edizioari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!