Udazkenean bete-betean sartuta, Santa Zezilia, musikarien patroiaren egunari (azaroak 22) aurrea hartu, eta azaroaren 7rako kontzertua antolatu du Hernaniko Herri Musika Elkarteak. Arratsaldeko 19:00etan hasita, udaletxeko aretoan ariko dira herriko txistulariak. Baina, oraingoan, gonbidatu berezi bat izango dute lagun: Bilboko Udal Txistulari Banda.
Hain zuzen, atabalak, silboteak eta txistuek osatutako boskote honek eskainiko du emanaldiaren zati haundiena, eta bukaeran batuko zaizkie Hernaniko txistulariak. Gainera, Garazi Navas akordeoi-jolea izango dute lagun kontzertuan zehar.
Konpositore hernaniarren obrak, tartean
Bilboko Udal Txistulari Banda munduko danbolinteroen elkarte profesional bakarrenetakoa da, Erdi Aroan musika-jole eta juglareen udal taldeak izan zirenaren lekuko bizia. 2004 urteko berrantolaketaren ostean hartu zuen taldeak egungo itxura, eta hauek dira orain bertako musikariak: Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Peio Irigoien, Sabin Bikandi eta Asier Garcia.
Besteak beste, Bilboko Udalaren ekitaldi ofizialak musikaz janztea, kaleko emanaldiak egitea eta Euskalduna Jauregian eta Campos Eliseos antzokian kontzertu denboraldiak eskaintzea izaten dituzte ohiko jardun. Oraingoan, ordea, Hernaniko Herri Musika Elkarteak gonbidatuta ariko dira Hernanin, eta propio prestatutako errepertorioa ekarriko dute.
Hori horrela, tartean izango dira musikari hernaniarren obrak; besteak beste, Isidro Ansorena txistulariaren Leokadisti eta Katamotzarri, Alboka folk taldearen Hiru piztiak, edota Haritz Ezeizaren Zituene. Azken hau txistulari hernaniarrekin batean joko dute bilbotarrek.
Emanaldian zehar, gainera, ez dira bakarrik ariko. Garazi Navas akordeoi-jole usansoloarra izango dute lagun txistulariek. Musikenen goi-mailako ikasketak bukatuta, Oviedoko goi-mailako kontserbatorioko akordeoi irakaslea da gaur egun. Baina bestelako hainbat proiektutan ere aritzen da, baita folk eta musika herrikoiari lotuta ere. Tartean, Bitartean folk musika talde hernaniarreko parte ere bada.