Hernanik denboraldiko aurreneko partidua galdu zuen igandean Sant Cugat taldearen aurka, Katalunian, 36-26. Lau partidu irabazi eta gero Polidorik zuzentzen duen taldeak ezin izan zuen bolada luzatu. Partidua lehiatua izan zen eta nahiz eta Hernanik baja asko izan amaierara arte ez zuen amorerik eman eta defentsako bonusa lortzear izan zen.
Sailkapenean kataluniarrak puntu bat aurretik jarri dira eta Gernika lider da orain 20 punturekin, hernaniarrak baino lau gehiagorekin. Hirugarren postura jaitsi arren partiduaren irakurketa baikorra egin dezakete trikoloreek.
Lesioen ondorioz entrenatzaileak hamabostekoa aldatu behar izan zuen eta hala ere lehendabiziko 20 minutuetan jaun eta jabe izan ziren hernaniarrak. Titular postua estreinatzen zuen Julen Canok entsaioa lortu zuen eta Arizetaren gauzatzearekin 0-7 aurreratu ziren hernaniarrak. Abantaila haunditu zuen Hernanik Arizetaren bi zigor kolperekin eta partidua bideratuta jarri zuen hamaseigarren minuturako 0-13. Nahiz eta etxekoek aldea murriztu (3-13), beste zigor kolpe batek 13ko aldea itzuli zuen markagailura 25garren minutuan (3-16).
Sant Cugaten erreakzioa
Partiduaren noranzkoa 27garren minutuan aldatu zen. Hernanik baloia kontrolpean zuenean akats baten ondorioz baloia galdu eta Sant Cugat presionatzen hasi zen. Hegaleko sake baten ondoren aurrelariek bultzaka lehenengo entsaioa lortu zuten eta aldea murriztu ere bai (10-16). Erasoan, bigarren akats batek beste zigor kolpe bat suposatu zuen 32garren minutuan (13-16) eta berdinketa markagailura atsedenaldira iritsi aurretik igo zen, hori ere saihestu zitekeen zigor kolpe baten ondorioz (16-16).
Bigarren zatian etxekoek gehiago estutu zuten eta nabaritu zen jokoan. Hernanik ez zituen bere momentuak aprobetxatu eta zelai irekian min gehiago egin zuen Sant Cugatek. Hiru entsaio lortu zituzten 54, 65 eta 68 minutuetan. 15 minuturen faltan markagailua 33-16koa zen trikoloreen aurka eta partidua maldan gora zuten Polidorirenak.
Hala ere ez zituzten besoak jaitsi eta erasora joan zen Hernani. Saria, tamalez, minutu gutxiren faltan iritsi zen. 80garren minutua iristeko hiru minuturen faltan Eizmendik lortu zuen bigarren entsaioa eta Elosegik gauzatu zuen. Ondorengo jokaldian zigor kolpea ere sartu zuen makilen artean Elosegik (33-26). Momentu horretan defentsako bonusa eskura zuen Hernanik, baina azken jokaldian ihes egin zion. Berriz ere baloiaren posesioa hernaniarrek zutela baloia gordetzeagatik zigor kolpea pitatu zuen epaileak eta azken 36-26koa jarri zuten markagailuan kataluniarrek.
36-26
Sant Cugat: Bidone, Martinez, Gutierrez; Casat, Clapes; Viruez, Hinojosa, Ortiz; Alonso, Gimeno, Serrano, Valls, Martinez, Martinez eta Ortiz. Aulkitik: Oliva, Bernaldo, Castro, Podgaetzky, Pelaño, Ginel, Belsa eta Garcia.
Hernani: Infante, Zapiain, Etxarri; Larrarte, Garmendia; Ibabe, Lukas, Cano; Olivenza, Elosegi, San Nicasio, Arizeta, Rivas, Garmendia eta Gonzalez. Aulkitik: Goikoetxea, Unzue, Arrillaga, Diaz de Mendibil, Eizmendi, Miner, Arrozpide eta Arrizabalaga.
Markagailua: 9. min: Entsaioa Cano, gauzatzea Arizeta (0-7). 13. min: Zigor kolpea, Arizeta (0-10). 16. min: Zigor kolpea, Arizeta (0-13). 22. min: Zigor kolpea, Gimeno (3-13). 25. min: Zigor kolpea, Arizeta (3-16). 28. min: Entsaioa, Viruez, gauzatzea Gimeno (10-16). Min. 33: Zigor kolpea, Gimeno (13-16). 40. min: Zigor kolpea, Gimeno (16-16). 54. min. Entsaioa Martinez (21-16). 65. min: Entsaioa Gutierrez (26-16). 68. min: Entsaioa Gutierrez, gauzatzea Valls (33-16). 77. min: Entsaioa Eizmendi, gauzatzea Elosegi (33-23). 79. min: Zigor kolpea Elosegi (33-26). 80. min: Zigor kolpea Valls (36-26).