Lidertzari eta une gozoari eusteko zita Zubipen, Sestao Riverren kontra

Kronika - Erredakzioa 2025eko urriaren 25a

Maialen Intxauspe, jaurtiketa indartsua egiten, Bizkeneskak taldearen kontra.

Gaur arratsaldeko 16:00etan jokatuko du Hernanik Euskal Ligako partidua, bosgarren garaipenaren bila.

 

Oso oso indartsu hasi du denboraldia Hernanik, Emakumezkoen Euskal Ligan: 12 gol sartu ditu, soilik bi jaso, eta sei partidutik bost irabazi eta bat berdindu. Horri esker dago sailkapeneko koxka gorenean, 13 punturekin, eta lidertzari eta une gozoari eusteko zita dauka gaur etxean: Sestao Riverren kontra jokatuko du Zubipen, arratsaldeko 16:00etan.

Konfiantza mailarik gorenean iritsiko dira berdeak partidura. Joan den asteburuan nagusitasunez menderatu zuten Lakua, Gasteizen (0-3); eta hirugarren garaipena kateatu nahi dute jarraian. Printzipioz, arabarren antzeko maila daukan taldea da Sestao River, orain arte 5 puntu lortu dituena; eta hernaniarrak izango dira faborito gaurkoan. Denboraldiak oso luze joko du oraindik, eta partiduz partidu puntuak pilatzen joatea da gakoa, helburu haundietan pentsatzen hasi gabe. Baina ilusioa piztu du berdeen denboraldi hasierak, behintzat.

Sasoi puntu eta joko maila onari eutsi beharko diote hernaniarrek orain, onenekin batera lehiatzen jarraitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!