Hekin Egunak jarri dituzte martxan, herrian kirola eta jarduera fisikoa zabaltzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko urriaren 25a

Axier Mingo zinegotzia eta Esti Aldeiturriaga teknikaria, atletismo pistan.

Bihar hasi eta urte bukaerara bitarte, hainbat saio antolatu dituzte jarduera fisikoa «modu osasungarrian eta aktiboan» zabaltzeko. Hiru hilabeteko zikloak proposatuko dituzte, eta hauxe izango da aurrenekoa.

 

Herrian jarduera fisikoa eta kirola zabaltzeko asmoz, ekimen berri bat jarri du martxan Hernaniko Udalak: Hekin Egunak (Hernaniren H+ekin). Horren baitan, kirol modalitate ezberdinetako doako saioak eta ekintzak proposatuko dituzte, hiru hilabeteko zikloetan banatuta. Bihar bertan hasiko da aurrenekoa, eta urte bukaerara bitarte luzatuko da. Horietako edozeinetan izena emateko, kiroldegiko harrerara edo bulegora jo daiteke, edota 943 55 21 85 telefonora deitu.

Helburua da «herritarrak jarduera fisikoa egitera bultzatzea, modu osasungarrian eta aktiboan, bakoitzak bere mailaren eta interesen arabera. Mila modutara ekin daiteke, bakoitzak bere neurrian, eta horixe da gure sailetik sustatu nahi duguna». Hala azaldu dute Jarduera Fisikoa eta Kirola saileko Axier Mingo zinegotziak eta Esti Aldeiturriaga teknikariak. Gainera, jarduera horien bitartez, ezagutzera eman eta balioan jarri nahi dituzte herriko baliabide naturalak eta espazio publikoak: «Askotan ez dira behar bezala baliatzen, eta ekintza hauen bitartez, herritarrei aukera eta motibazioa eman nahi diegu espazio horiek modu osasungarrian bizitzeko eta kirol ohiturak barneratzeko».

Herriko kirol elkarte eta eragileekin elkarlanean antolatuko dituzte ekintza horiek: «Guretzat, ezinbestekoa da jarduera fisikoa eta kirola ere modu komunitarioan ulertu eta lantzea», azaldu du Mingok. 

Horrela, Agerre mendi lasterketa taldearekin batera antolatu dute aurreneko Hekin Eguna, bihar bertan. Mendian korrika egiteko teknikari buruzko saioa izango da, emakumeei zuzenduta, 19:00etatik 20:00etara atletismo pistan. Datorren larunbatean, berriz, mendi lasterketako entrenamendua egingo dute Santa Barbaran, 10:00etatik 12:00etara.

Hortik aurrera, orientazio saioa, zaintza lanetan aritzen direnei begirako formazioa edota oinarrizko indar entrenamenduak izango dira, besteak beste. Aniztasuna bilatu dute, «bakoitzak bere interesen eta beharren arabera» parte hartu dezan.

HEKIN EGUNAK

URRIAK 27, astelehena
Mendi lasterketako teknika entrenamendua, emakumeentzat. Atletismo pistan, 19:00etatik 20:00etara.

AZAROAK 1, larunbata
Mendi lasterketako entrenamendua, emakumeentzat. Santa Barbaran, 10:00-12:00.

AZAROAK 16, igandea
Gipuzkoako XI. Orientazio Liga. Familientzat, herrian zehar, 09:00etatik 14:00etara.

AZAROAK 17-28
Gazteekin osasuna eta mugimendua lantzen, herriko kirol instalazioetan.

AZAROAK 21 eta 28, osteguna
Zaintza lanetan aritzen diren pertsonentzat, ongizate fisikoa sustatzeko formazioa. Kulturarteko Plaza Feministan, 09:00etatik 10:30etara.

ABENDUAK 14, igandea
Oinarrizko indar entrenamendua. Kiroldegiko gimnasioan, 09:00etatik 10:30etara.

ABENDUAK 20, larunbata
Oinarrizko indar entrenamendua emakumeentzat, kiroldegiko gimnasioan, 09:00-10:30.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!