Urte osoan zehar kanpaina berri bat lantzen aritu dira Altxa Burua ekimenekoak, eta eragile ezberdinekin kontrastea egiten. 2023 urtearen amaieran Altxa burua Hernani sortuz geroztik, koordinatuta dabiltza lanean herriko 6 hezkuntza zentroetako gurasoak. 2024 urtean pegatina berdearen kanpaina abiatu zuten Hernaniko Udala, Ereñotzuko Auzo Udala eta Berriak elkartearekin, Gurea erabil dezakezu leloarekin.
Orain beste pauso bat eman dute eta kanpaina berri bat jarriko dute martxan, semaforoen kanpaina. «Semaforoak hiru kolore ditu eta oso barneratuak ditugu bakoitzaren esanahiak. Horregatik, pegatina berdeak dagoeneko baditugunez (gaztetxoei gune horretako telefonoak erabiltzeko aukera ematen dietenak), laranja eta gorria sortu ditugu».
Pegatina bakoitzaren esanahia azaldu dute Altxa Buruako kideek. «Pegatina gorriak dauden eremuetan ezin dela mugikorrik erabili adierazten du. Kirol eta aisialdi eremuetako aldageletan eta komunetan ikusiko dituzu, edota, debeku hau duten beste eremuetan ere bai. Adibidez, aldageletan (elkarte pribatu zein eraikin publikoetan)».
Pegatina laranja dagoen eremuan behar beharrezkoa bada soilik erabiltzeko adierazten du. «Herriko parkeetan, eskola atarietan, kirol eremuetan, kultur eta aisialdi eremuetan ikusiko dituzu. Sentitu gaitezen deseroso pegatina hau ikustean, eta lehenetsi dezagun familiarekin edo lagun artean egotea (haurrekin jolastu, beste gurasoekin hitz egin, presente egon). Ez atera automatikoki mugikorra, behar beharrezkoa den kasuetan bakarrik. Eta mesedez, isildu mugikorraren soinu-alertak, ez utzi estimulu hauei zure momentuko atentzioa desbideratzen. Adibidez, parkeak, eskola atariak, eraikin publikoak, kultur/kirol eta aisialdi elkarteen gune publikoak».
Pegatina berdea dagoen eremuan bertako telefonoa erabiltzeko aukera dago. «Zure haurrei komunikatu honen berri eta erabilera sustatu. Adibidez: elkarte pribatu, denda/taberna, zein eraikin publikoetan bertako telefonoa erabiltzeko aukera eskaintzen den guneetan».
Mugikorraren erabilera murriztea da helburua
Kanpaina honekin, lortu nahi dutena da, «kalean, parkeetan, lagun-artean, familia planetan… mugikorren erabilera murriztea kontzienteki eta kolektiboki. Kalean denon artean saiatzen bagara, ohitura hori etxean aplikatzen jarraitzea litzateke onena. Etxean ere, behar beharrezkoa denean erabiltzeko hautua hartu dezakegu, azken finean, adimendun mugikorren erabilera arduratsu eta osasungarria izateko bidea hori baita».
Kanpaina hauekin, herriko gazteenek euren mugikor propioa izateko adina atzeratzeko kontzientziazio lana egin nahi izan dute, baita herriko eraikin publiko eta merkataritza zein ostalaritza guneetako telefonoak euren eskura jarri ere. «Sentsibilizazio ekintza batzuk egin ditugu, eskoletan zein herri mailan. Eta ikusten dugu, poliki-poliki, familiak urratsak ematen ari direla adimendun mugikorrak euren haurrei adin goiztiarretan ez emateko erabakietan».