Herritar pil-pilla aritu zen bakailu pintxoaz gozatzen!

Kronika - Erredakzioa 2025eko urriaren 25a

Bakailu Astearen 13garren edizioa izan da aurtengoa, eta a ze jendetza elkartu dena herriko tabernetan! Urriaren 17an egin zuten sari banaketa, urtero lez kalejirarekin eta Pil-Pilen laguntzarekin. Tabernaz taberna pasa ziren Udal ordezkariak sariak banatzera; aurrena, Herritarren Saria irabazi zutenen ateak jo zituzten; eta ondoren, Epaimahaiaren Saria banatu zuten. Herritarren Sariaren irabazlea Errioguarda izan zen; bigarrena, Guria tabernak irabazi zuen; eta hirugarrena Tripontzik. Epaimahaiaren Saria, Aralar tabernak eskuratu zuen. 

 

Aralar taberna

Epaimahaiaren saria jaso zuen Aralarrek.

 

Aho zabalik hartu zuen Epaimahaiaren Saria Aralar tabernak: «ez genuen inondik ere espero epaimahaiak gu hautatzea!». Aralarrek azpimarratu du urte asko daramazkitela Bakailu Astean parte hartzen, eta sekulakoa izan dela honelako sari bat jasotzea. Eta gogora ekarri ditu orain arte jasotako sariak: «pare bat urtetan herritarren 2garren eta 3garren sariak jaso ditugu, eta orain epaimahaiarena jasotzea, ederra izan da!». 

Hurrengo edizioari begira ere motibatuta agertu da Aralar: «saria jaso edo ez, beti gaude motibatuta, giro herrikoi ederra sortzen baitu Bakailu Asteak eta horren parte izatea guretzat, ederra da».

Epaimahaiaren arabera, 'Kurruskari' pintxoa izan da Bakailu Asteko onena; hala, Aralar tabernak pintxoaren sekretupeko berezitasunak elkarbanatu ditu: «pintxoaren zati kurruskariak kontraste haundia egiten zuen bi saltsekin; testura gogorra, zapore gozoa eta gazia uztartuz».

Amaitzeko herritarrei esker hitzak elkarbanatu dizkie Aralarrek: «mila esker gure pintxoa dastatzeko gertuaratu zareten guztioi, eta egun hauetan zoriontzera etorri zaretenoi!».

Errioguarda Enea jatetxea


Errioguarda Enea jatetxeak jaso zuen Herritarren Lehenengo Saria. 

Errioguarda Enea jatetxearen 'Dordoka' pintxoak irabazi du aurtengo Herritarren Lehenengo Saria, eta oso eskertuta agertu dira jatetxeko kideak: «egia esan hasieran ez genuen espero, izan ere, aurtengo pintxoa azkarra izan da, baina aldi berean, denoi gustatuko litzaiguken pintxoa». Markina Xemeingo baratzetik ateratako kuiatxoak aprobetxatuta, «betiko tipula kuiatxoarengatik ordezkatu genuen». 

Errioguardak sentsazio «oso onekin» amaitu du Bakailu astea, «horrenbeste herritar gugana hurbildu izanak asko poztu gaitu». 

Dordoka pintxoak «ezer berezirik» ez duela jakinarazi du Errioguardak, hala ere, garaiko produktuekin egindako pintxoa da: «piper berdea, marmelada, tipula, porrua eta patata, bakailuakin sukaldatua eta bere pil-pilaz krematsuagoa bihurtuz, gainetik porru maionesa eta bukatzeko porru txikitua».

Argi diote dagoeneko pilak kargatuta dituztela datozen lehiaketetarako: «gogotsu gaude bai!».

Amaitzeko, esker hitzak elkarbanatu dituzte herritarrentzat: «herriari eskerrak eman nahi dizkiogu gugana hurbildu izanagatik eta izan dugun babesagatik, aupa zuek!»

 

Guria taberna


Sari Herrikoian bigarren postua lortu du Guriak.

Herritarren bozkekin bigarren postua lortu du Guriako taldeak, 'Floripondio' pintxoarekin. Guriak dio, orokorrean herritarren erantzuna «oso positiboa» izan dela: «bi edota hiru aldiz eskatzen zuten bezero askok pintxoa, eta horrek sentsazio positiboak ekarri zizkigun». Gainera, Guriako 'Floripondio' pintxoa jateko zenbait komeri izan zituztela ere azaldu dute lan-taldekoek: «bezeroek hasiera batean sardexka eskatzen ziguten, baina sardexkarik gabe jatea zen gure proposamena, zaporea guztiz aldatzen baitzen modu honetara!. Horregatik, Floripondioa nola jan instrukzio gida bat sortu genuen, eta hortik aurrera, jendearen erantzuna hobetzen hasi zen!». 

Pintxoaren berezitasunak azpimarratu ditu Guriak; «eskuekin jateko pintxo bat da 'Floripondio'; gazi-gozoa eta kurruskari kontrastea duena». 

Guriak aurreratu du datozen urteetarako prest daudela eta badutela ideiaren bat buruan bueltaka. Hala ere, herritarren eta ostalarien inplikazioari erreferentzia eginez, ondorengo mezua helarazi du Guriak: «azken edizioetan izan dugun sentsazioa izan da pintxo lehiaketa batera mugatu dela Bakailu Astea. Hasiera batean beste zerbait gehiago zen, eta xarma galdu duela esango genuke; Pil-Pil kaxuela lehiaketa galdu dugu, jatetxeetako bakailu menuak ere bertan behera utzi dira... Eta uste dugu hau guztia herritarren eta ostalarien inplikazio faltagatik izan dela. Beraz, hurrengo urteetarako badaukagu etxeko lana, festa giro atsegin hori goian mantendu nahi badugu!».

 

Tripontzi jatetxea


Hirugarren saria lortu du Tripontzik.

 
Milaka pintxo dastatu dituzte herritarrek bi asteko epean, eta goxoenetan dago Tripontzirena, hirugarren postuan, hain zuzen. Tripontziko familiak, pozez hartu zuen Udal ordezkariek emandako albistea: «herritarren artean entzuten genuen oso pintxo ona zela gure, baina proposamen asko zeuden eta maila onekoak gainera, beraz, modu batera, ez genuen espero ez!». 

Bakailu Astean iraun bitartean, herritar ugari bertaratu da Tripontzira, '3kolore' pintxoa edari baten laguntzarekin gozatu eta errepikatzera. 

Urriaren 17an gerturatu zen Udala Tripontzira, Herritarren Saria entregatzera, eta ustekabean harrapatu zituen Tripontzi jatetxekoak. Sentsazio hunkigarri eta zoragarriak bizi dituztela aitortu dute: «Ikaragarria izan da saria jasotzea. Badakigu gainera Deportibo tabernarekin lehia bizian ibili garela. Esan bezala, sekulako maila erakutsi dugu Hernaniko ostalariek». 

3kolore pintxoak, badu berezitasun bat: espinaka! «Jende askori ez zaio gustatzen, eta arriskatu egin ginen, izan ere, pil-pilean oso leuna gelditzen da, eta ukitu berezi bat eman dio». 

«Oso-oso pozik» daudela azpimarratu du Tripontzik eta herritarrei parte hartzea eskertu die:  «Eskerrik asko gurera etortzeagatik eta gu bozkatzeagatik!»

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!