«Herri hizkuntzan azaldu nahi dugu zer den Hernani Burujabe, denek ulertzeko»

Andoni Rekondo Izagirre 2025ko urr. 25a, 00:00

Hernani Burujabeko sektoreetako kideek euren proiektuak azalduko dituzte.

Burujabetzen Egunak hartuko du Atsegindegi gaur goizean. 11:30etan eragileen azoka jarriko dute bertan, eta Hernani Burujabek martxan dituen proiektuak gertutik ezagutu ahal izango dira. Arratsaldean Palestinaren aldeko Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute. 

Hernani Burujabek martxan dauzkan proiektu guztiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da gaur goizean. Atsegindegin izango da Burujabetzen Egunaren erdigunea, eta eragile askoren babesarekin, burujabetzarekin lotutako zenbait jarduera prestatu ditu Bidea Herritar Taldeak. 

Lide Iraola Bideako kideak azaldu du proiektua sozializatzea eta ezagutaraztea dela gaurko egunaren helburu nagusia: «Hernani Burujabe proiektu konplexua da azaltzeko, eta gaurkoan herri hizkuntzan azaldu nahi dugu. Herritar guztiek bere sentitzeko modu batean». 

Goizeko 11:30etan hasiko da mugimendua Plaza Berrin. Hernaniko eragile askok egin dute bat Burujabetzen Egunarekin: AEK-k, Doberak, Burrunbak, Harrotzenek, Amherrek, Stop Kaleratzeak-ek, Gu Geokek, ELAk, LABek, Jangela Etzik eta Zero Zaborrek. Era honetan, «proiektuaren zeharlerroak erdigunean jarri» nahi ditu Hernani Burujabek. Azoka baten bidez ezagutaraziko dute eragile hauen lana. 

Zenbait sektore ekonomikotan egindako lana ere fruituak ematen ari da honezkero. Iraolak nabarmendu du talde askok lortu dutela egonkortasuna, Udalarekin hitzarmena lortu dutelako; Etxegura taldea da adibideetako bat. Egonkortze prozesu hori «garrantzitsutzat» du Iraolak: «Horrek ahalbidetzen baitu proiektuaren erritmoa mantentzeko erraztasun haundiagoa». Sektore horiek ere ikusgarritasuna izango dute Burujabetzen Egunean, argazki lehiaketaren bitartez, besteak beste: «Sektore guztiek izango dute bere postutxoa eta bere momentua. Aurten, gainera, argazki lehiaketa antolatu dugunez, bakoitzaren errealitatea argazkitan islatuta ikusiko dugu. Hor ikusiko dugu herritarrek nola irudikatzen duten sektore bakoitza», azaldu du Iraolak.

Zaintzaldia eta kulturgileak  

Sektore guztien artean, bik tarte berezia izango dute gaurko festan. Batetik, zaintzaren sektorearekin lotutako 'Zaintzaldia' egitasmoa jarriko dute martxan. Zaintza komunitarioa sustatzeko sortu den ekimena da, eta argazki kolektibo baten bidez hastea da antolatzaileen proposamena. 

Askotariko aldarrikapenak egingo dituzte Atsegindegin.

Bestetik, aurreko Burujabetzen Egunetan bezala, herriko zenbait kulturgilek euren tartetxoa izango dute egitarauan. 13:30etarako bertso saioa iragarri dute, baina goizean zehar sorpresa gehiago ere izango dira Atsegindegin.

Hasiera batean, egun osoko egitaraua prestatu zuen Hernani Burujabek, baina arratsaldeko bertso bazkaria eta elektrotxaranga bertan behera uztea erabaki dute, Bilbon Palestinaren alde deitutako manifestazioarekin bat egiteko: «Gure jarduna Hernanin zentratzen da, edo bertan materializatzen da, baina iruditzen zaigu ezin dugula Hernanin bakarrik zentratu. Mundu mailan eskubide hauek urratzen ari dira, eta Palestinaren alde babesa erakustea da gure ardura. Horregatik erabaki genuen Bilbora joateko deialdiarekin bat egitea», azaldu du Iraolak. 

Manifestazioa arratsaldeko 17:30etan abiatuko da, Jesusen Bihotza plazatik. 

Erronka propioak ditu Bidea Herritar Taldeak

Gaurko goiza, hortaz, herritarrengana iristeko baliatu nahi dute Hernani Burujabeko kideek. Bidea Herritar Taldea arduratzen da herritarren parte hartzea sustatzeaz, eta, Iraolak dioenez, «anbizioa» dute eremu gehiagotara ailegatzeko: «Nahiko talde finkoa daukagu hasieratik, eta konpromiso haundia dugu. Hala ere, erronka eta anbizioa daukagu kolektibo anitzagoetara iristeko, eta horretan ari gara. Gazte jendea ere erakarri nahiko genuke mugimendu honetara». 

Horretarako, Burujabetzen Eguna antolatzeaz gain gain, aurrerantzean informazioa zabaltzeko bestelako euskarriak sortuko dituztela gehitu du Iraolak: «Komunikatzeko arazoa daukagula ikusten dugu. Hori indartzeko buletina aterako dugu, jarraikortasuna izango duena. Gure antolakuntza urteko zikloka doa, eta aurten egin dugunetik ikasi eta hobetzeko beharra ikusi dugu. Horretan arituko gara urtea amaitu arte».

 

BURUJABETZEN EGUNA

HERNANI - Atsegindegi

GAUR

11:30 Eragileen azoka. Hernani Burujabeko eragileez gain, bertan izango dira: AEK, Dobera, Burrunba, Harrotzen, Amher, Stop Kaleratzeak, Gu Geok, ELA, LAB, Jangela Etzi eta Zero Zabor.

12:30 Zaintzaldiari hasiera. Zaintza komunitarioa sustatzeko sortu den 'Zaintzaldia' ekimenari hasiera, argazki kolektibo baten bitartez.

12:45 Hamaiketakoa. Herrilur kontsumo elkartearen eskutik hamaiketakoa, triktilariez girotuta.

13:15 Argazki lehiaketaren sari banaketa. Hernani Burujabeko sektoreei buruzko argazkien erakusketa ikusgai egongo da.

13:30 Bertso saioa Andoni Rekondo eta Eli Pagolarekin.

Ondoren, DENOK BILBORA!
Palestinarrak jasaten ari diren genozidioa ikusirik, Bilbon 17:30etan aurreikusita dagoen manifestazioaren deialdia gure egiten dugu, eta beraz arratsaldeko egitaraua bertan behera utziko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!