Iritsi dira bukaerara, Hernaniko auzoetako festak. Eta urtero bezala, Txantxillako Jaiek piztuko dute azkeneko traka, giro ederrean agurtzeko herriko festa sorta zabala eta oparoa.
Atzo hasi ziren Txantxillako Jaiak, urteko azkenekoak Hernanin. Itzal taldearen kontzertuak eta txoznako zein tabernetako pintxopoteak jende asko erakarri zuen auzora, gaurko egun haundiaren preludio.
Haurren lasterketa eta jolasak, goizeko plana
Korrika batean hasiko dute larunbata, eguna ondo aprobetxatzeko. Ohi bezala, haurren lasterketa egingo dute aurrena, auzoan zehar; eta haur eta gaztetxoentzako jolasak izango dira segidan. Gainera, puzgarriak ere jarriko dituzte goizean, saltoka eta zilipurdika aritzeko.
Jan-edanaz gozatzeko tartea iritsiko da eguerdian, zita bikoitzarekin. Hasteko, festetako klasiko bat izango da 12:00etatik aurrera: sagardo dastaketa eta pintxoak, tertulia atseginekin batera. Eta ondoren, bazkaria egingo dute auzotarrek, mahaiaren bueltan elkartzeko.
Bingo musikatua, egunaren bigarren zatiari gatza eta piperra jartzeko
Bazkalostean ez du behera egingo festaren aparrak, alderantziz. Orduan iritsiko da giroa mailarik gorenera, ziurrenik. Izan ere, bingo musikatua egingo dute 16:30etatik aurrera, arratsaldeari gatza eta piperra jarriko diona. Sari politak banatu ondoren, beste 'sari' goxo bat ere izango dute gaztetxoek, txokolatada egingo baitute.
Segidan hasiko da eguneko zatirik bereziena: iluntzeko 19:00etan aterako dira kalera Arima bihurriak, eta kalejira alaia (eta zirikatzailea) egingo dute auzoan barrena, dultzaineroek lagunduta. Eta ondoren, eguna borobiltzeko, Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariaren emanaldia izango da. Gitar doinuak ixiltzean piztuko dute festen amaierako traka, auzoetako aurtengo jaiak agurtzeko.
|
10:30, Haurren lasterketa, auzoan zehar 11:00, Altxorraren bila 11:00, Puzgarriak 12:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak 14:30, Auzotarren bazkaria 16:30, Bingo musikatua 18:00, Haurrentzako 19:00, Arimen kalejira, Hernaniko dultzaineroekin 20:00, Andoni Ollokiegiren kontzertua Ondoren, Festen amaierako traka |