«Jakintza, sormen eta lankidetzarako espazioa da GOe, etorkizun osasungarriagoa eta goxoagoa lortzeko»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko urriaren 24a

Joxe Mari Aizeaga hernaniarra, BCCko zuzendaria, GOe eraikinaren inaugurazioan bertaratuei azalpenak ematen.

Gastronomy Open Ecosystem eraikina inauguratu zuen Basque Culinary Centerrek, astelehenean Donostiako Gros auzoan. Joxe Mari Aizeaga zuzendari hernaniarrak gidatu zuen ekitaldia, 1.500 lagun baino gehiagoren aurrean.

Zabaldu ditu ateak GOe (Gastronomy Open Ecosystem) eraikinak, Donostiako Gros auzoan, «gas­­tronomiaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren na­zioarteko epizentro» gisa finka­tzeko. Joan den astelehenean egin zuten Basque Culinary Centerren zentro berriaren inaugurazio ekitaldia, Joxe Mari Aizeaga BCCko zuzendari hernaniarrak gidatuta, eta 1.500 lagun baino gehiagoren partehartzearekin. 

«GOe mugarri bat da Basque Culinary Centerrentzat eta sektore gastronomiko osoarentzat», azaldu zuen Aizeagak: «Ekosistema bizi bat da, eta bertan, herritarrekin elkartzen dira berrikuntza, ikerketa eta prestakuntza, guztiok elkarrekin aztertzeko etorkizuneko gastronomiaren erronkak eta aukerak. GOe zabalduta, ez dugu ireki eraikin bat, baizik eta jakintza, sormen eta lankidetzarako espazio bat, etorkizun osasungarriagoa, jasangarriagoa lortzen laguntzeko».

Zehazki, honakoak dira GOe osatzen duten guneak: ikerketa eta prestakuntzarako 8 sukalde, 10 laborategi, 1.000 metro karratu baino gehiagoko bi coworking espazio, enpresentzako espazioak, erabilera anitzeko ikasgelak eta sukaldeak, 200 lagun baino gehiagorentzako edukiera duen auditorioa, jatetxe bat, kafetegi bat, eta 1.200 metro karratu inguruko espazioa herritarrentzat, tailerrak, hitzaldiak eta konferentziak egiteko.

 

Zazpi master berri, 300 ikasle inguru, 30 tesi martxan eta urtean 80 proiektu enpresekin

Zentro berriak uztartuko ditu formakuntza, ekintzailetza eta ikerketa, besteak beste. «Prestakuntza programa berriak bultzatuko ditu, abangoardiako ikerketa egingo du, eta elikadura enpresekin lankidetzan arituko da, benetako soluzio aplikagarriak sortzeko», azaldu dute. «Basque Culinary Center erreferentziazko erakunde gisa finkatu ondoren, orain sortutako ekosistema hau bakarra da munduan: nazioarteko ikono bat, herritarrekin eta gastronomiako eta elikadurako profesionalekin lotzen dituena gastronomia, jakintza eta berrikuntza».

Horrela, zazpi master berri eskainiko dituzte GOen, eta urtean 300 ikasle inguru izango dituztela aurreikusi dute, horietatik %60 nazioartekoak. Gainera, 30 tesi izango dira martxan, eta 2025 eta 2030 urteen artean 10 tesi defendituko dituzte bertan. Era berean, 30 startup edo en­presa berri garatu nahi dituzte, eta 150 startup bizkortze prozesuan eduki, «GOen bizi diren enpresa, ekintzaile eta kanpoko ikertzaileen kopurua 170ekoa izanik». Zentro teknologikoa ere izango du, GOe Tech Center. Urtean 80 proiektu baino gehiago garatuko ditu enpresekin, eta Europako 10 bat proiektutan parte hartu.

 

Zentroko filosofia modu praktikoan bizitzeko aukera, inaugurazio ekitaldian

Asteleheneko inaugurazio ekitaldian, joera gastronomiko eta zientifikoen laborategi esperimental bilakatu zuten GOe, komunitate profesionalak eta herritarrek modu praktikoan bizi zezaten guneko filosofia.

Arratsaldean, berriz, inaugurazio instituzionala egin zuten, eta bertan elkartu ziren erakunde ezberdinetako ordezkariak: Imanol Pradales lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Nekane Arzallus Donostiako alkateordea, eta Luis Planas Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa, besteak beste. Nazioarteko Kontseiluko sukaldariak ere izan ziren ekitaldian: Joan Roca, Gastón Acurio, Yoshihiro Narisawa, Manu Buffara, Mauro Colagreco, Pía León, Elena Reygadas, Trine Hahnemann, Thitid Tassanakajohn, Josh Niland, Michel Bras eta Narda Lopes. Eta baita patronatukideak ere: Elena Arzak, Diego Guerrero, Eneko Atxa, Karlos Arguiñano, Martin Berasategui, Pedro Subijana eta Hilario Arbelaitz.

Lehendakariak nabarmendu zuen proiektuak «jasangarritasunean edo elikagaien segurtasunean konprometitutako gastronomia» lortzeko bidean daukan garrantzia: «GOe herri apustu haundi bat bezala jaio da. Ezin dugu ahaztu euskal gastronomia eta elikadura sektorea dela gure ekonomiaren motore estrategikoetako bat, Barne Produktu Gordinaren %10eko ekarpena egiten duena eta 133.000 lanpostu inguru sortzen dituena».

 

Eraikinaren arkitekturak, paisaiarekiko errespetua eta jasangarritasuna oinarri

GOe eraikina egiteko garaian, sortu nahi izan dute «bizi-kalitatea hobetu, hiri-ekosistemak indartu eta pertsonak ingurunearekin konektatzen dituen eremu erresiliente bat». Horrela, paisaiarekiko errespetuan eta jasangarritasunean oinarritu dute eraikinaren arkitektura, eta gorpuztu dute «naturaren, gastronomiaren eta berrikuntzaren arteko etengabeko elkarrizketa». 3.600 metro kuboko berdeguneak dauzka GOek, eta «korridore ekologiko bat» osatzen du. 51 espezie biltzen ditu, landare bizikorrak, zuhaixkak eta zuhaitzak, 7.500 aletan banatuta. «Hiriaren eta naturaren arteko konektore berde bat» da GOe, «jasangarritasuna, biodibertsitatea eta ongizatea integratuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!