EAJ-PNVk, legealdiaren lehen bi urteei buruzko balantze gazi-gozoa

inigo 2025ko urr. 23a, 00:00

J. A. Cuesta, Myriam Vazquez, Mikel Gurutzeaga eta Andoni Amonarraiz.

«Hernani hobetzen erabakigarriak izan gara, baina EH Bilduren norabideak oraindik kezka eragiten digu».

 

Hernaniko EAJ-PNVren udal taldeak legealdiko lehen bi urteen balantzea egin du, garai hau gazi-gozotzat joz. Jeltzaleek nabarmendu dute beren lana funtsezkoa izan dela
herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak martxan jartzeko. «Benetako hobekuntzak bultzatu ditugu; besteak beste, Goiz-Eguzkiko erabilera anitzeko espazio estalia, Puerto-Elizatxo–Kaxko igogailuaren irtenbide optimizatuari lotuta, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berria eta hondakinen alde biko mahaia, neurri zuzentzaileak Ekotraderen Jauregiko proiektuan...». Aldi berean, gobernu-taldeari eraginkortasun haundiagoa eta anbizio gehiago eskatu dizkio beste eremu estrategikoetan.

EAJ-PNVk ohartarazi duenez, «dena ez da albiste ona, ordea. Gobernu-taldeak ez du aurrerapausorik eman funtsezko hainbat proiektutan. Zinkoenea oinezkoentzat egiteko proiektuan 2025ean proba pilotua egiteko aurrekontu-konpromisoa hartu arren, ez da aurrerapausorik eman. Kulturgune berriaren Kaxkoko kokapenarekin ez gatoz bat. Kaxkoko lurpeko aparkalekuaren gaian 14 urteko atzerapena daramagu. Udalerriko mugikortasunarekin herritarrak ez daude konforme».

 

EAJ ez dator bat EH Bilduren kudeaketa-ereduarekin

EAJ-PNVren arabera, hainbat arlotan nabaria da atzerapena eta EH Bildurekin duten desadostasuna. «Etxebizitza lehentasunez tratatzen bada ere, gobernu-taldearen geldotasunak erakusten du ez dagoela hirigintza-kudeaketa azkar eta eraginkorra egiteko gaitasunik. Gainera, kezka dugu Udaletik kanpo, administrazioaren parean, funtzioak bikoizten dituzten egitura eta dinamiken hazkundea dela eta».

Alderdi jeltzalearen esanetan, «Florida 08 (AMR) eremuaren garapenak hamabi urteko atzerapena darama. EH Bilduren burugogorkeriak eta aurreikuspen faltak ekarri dute, azkenik, EAJ-PNVk aspalditik defendatzen zuena egitera».

EAJren iritziz, Hernani Burujaberen harira, «Udalaren parean sortutako egiturek funtzioak bikoizten dituzte, kudeaketa garestitzen dute eta instituzioetan hartu beharko liratekeen erabakiak Udaletik kanpo hartzen direla salatu dute».

 

«Oposizio erabilgarria eta eraikitzailea izaten jarraituko dugu»

Mikel Gurutzeaga, bozeramaileak, gogorarazi du legegintzaldi honetan EAJ-PNVk «jarrera eraikitzailea, arduratsua eta erabilgarria» erakutsi duela, eta horri esker 2025eko aurrekontuak onartu ahal izan direla. «Elkarrizketatik lan egiten jarraituko dugu; baina, aldi berean, Hernaniren garapena atzeratzen duten kudeaketa-gabeziak ere seinalatuko ditugu», amaitu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!