Gipuzkoan Gazte Tour, bihar eta etzi Astigarragan

inigo 2025ko urr. 23a, 00:00

Lohi dantzari eta koreografoak dantza eskola magistrala eskainiko du bihar eta etzi. 3ttu erromeya eta N97 kolektiboa taldeek kontzertua eskainiko dute.

Gipuzkoan Gazte Tour Astigarragara iritsiko da bihar eta bi egunez luzatuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak 16 eta 25 urte bitarteko gazteei eskaintzen die, aisia aktiboa eta partaidetza erdigunean jartzen dituen kultura-zirkuitu bat izanik. Gipuzkoako hainbat udalerritatik pasa eta gero (Zumarraga, Beasain, Tolosa, eta Aia), Astigarragan dantza eta kontzertuak izango dira.

Tokiko talentu gazteen erakustaldiak dira Gazte Tour-en oinarria.  Honela, bihar 18:30etan, dantza eskola magistrala Lohi dantzari eta koreografoarekin egongo da, Dantza Gaztelekuan (Kale Nagusia 48). 12-30 urtekoentzat, gehienez 25 lagunentzako dago zuzendua. Bere estiloa dantza garaikidearen, urbanoaren eta jazz-aren arteko fusioa da. Lia Kali, Ava Max, Dua Lipa eta Mala Rodriguezekin lan egin du, eta besteak beste, 2019an 'Fama ¡A bailar!' saioan eta  'Mamma Mia!' musikalean parte hartu zuen. 

Etzi, larunbatean, kontzertuak eskainiko dira 19:00etan, Erribera kulturgunean. 3ttu erromeya eta N97 kolektiboa musika taldeek jarriko dituzte astigartarrak dantzan. Astigarrakoa da 3ttu erromeya taldea eta beraien ondoren, Irune Muguruzak eta Iñigo Jimeenezek, Jota ezizenez ezagunak, sortutako taldeak joko du. Elektronika eszenako erreferentziazko bi DJ dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!