Larunbatean, urriaren 25ean hasita, Zaintzaldia egitasmoa martxan jarriko da Hernanin. Hator eltzetik babak ateratzera! lelopean zaintza jarri nahi dute erdigunean Auzozaintza sare publiko komunitarioak, Eltzekoa zaintza talde herritarrak eta Zaintza Hernani Burujabe taldeak. «Zaintzen duten komunitateak praktikan jarri nahi ditugu, bizilagun sareak indartu. Komunitarearekiko jarrera aldatzeak ze onura ekar dezakeen probatzeko astea izatea nahi dugu».
Horretarako figura bat sortu dute, Auzozaina, baina zein zein izango da auzozain? Astebetez ardura txiki batzuk hartzera animatzen den bizilaguna izango da. «Astebetez Auzozain zinta eramatera gonbidatzen zaitugu. Horretarako, honako konpromisoak hartzera animatu nahi zaitugu: Bizilagunak agurtzera, izena ikasi eta ezagutzera. Auzoko kaleetatik ibiltzeko denbora hartzera: behatzera, banku batean esertzera, ekintzetan parte hartzera… Auzoko komertzio txikietan kontsumitzera. Eskertu dezakeen norbaiti laguntza eskaini edo eskatzera. Zaintzaldiko bereizgarria duen auzokide batekin zaintza komunitarioez hitz egitera».
Zaintzaldiaz gozatzeko egitaraua prestatu dute urriaren 25ean hasita eta urriaren 31ra arte. Argazki herritarra aterako dute Plaza Berrin larunbatean eta ipuin ikuskizuna, hitzaldia, dokumentala, solasaldia, magia ikuskizuna izango dira egun ezberdinetan.
Auzozain izateko izena emateko herrian zehar jarriko diren postuetan, Kulturarteko plaza feministan edo online egin daiteke ondorengo QR kodea erabilita.