Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren hirugarren deialdia aurkeztu zuten astelehenean Hernaniko Udalak eta Hik Hasi egitasmoak. Bertan izan ziren Hernaniko alkate Xabier Lertxundi, Hezkuntza zinegotzi Axier Mingo, Hik Hasiko eragiletza arduradun Ainhoa Azpirotz eta Joxe Mari Auzmendi zenaren familiakoak.
Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak gogora ekarri zuenez, «2020an Hernani herri hezitzaile izateko erabakia hartu genuen. Guretzako, garrantzitsua da hezkuntza formaletik haratago hezkuntzarekin lotutako beste ekimen batzuk sustatzea».
Joxe Mari Auzmendi bera hizpide izan zuen Lertxundik: «Joxe Mari Auzmendi pertsona garrantzitsua izan zen gure herriarentzat eta hori azpimarratu nahi dugu beka honekin. Gerturatu dizkigun baloreak mantendu nahi ditugu. Beti egongo gara zorretan berarekin, ezer bueltan eskatu gabe horrenbeste eskaini duen herritarra izan baita».
Hernaniko Udalak Hik Hasirekin batera sustatzen duen Auzmendi Hezkuntza Bekari dagokionez, elkarlanaren motibazioa argitu zuen: «Hobekuntza pedagogikoa, euskera eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea eta inklusioa bultzatzen dituzten Euskal Herri osoko proiektuak babesteko ideian bat egiten dugu».
Axier Mingo Hernaniko Hezkuntza zinegotziak adierazi zuenez, «hezkuntzaz ari garenean, bat-bateko iraultza utopia izan daiteke. Hezkuntzan aldaketak su baxuan ematen dira, amesteko momentuetan sortzen dira. Baina momentu horiek, askotan, laguntza behar dute. Unibertso horretan udal gisa jartzen dugun aletxoa da Hik Hasirekin batera Auzmendi beka sustatzea».
Hik Hasik Hernaniko Udalaren «prestutasuna eta borondatea» eskertu zituen. Ainhoa Azpirotzen hitzetan.
Auzmenditarren izenean, Joxe Mari zenaren anaia Julenek hartu du hitza: «Oso eskertuta gaude Hernaniko Udala eta Hik Hasi Joxe Mariren inguruan egiten ari diren lanarekin. Joxe Mari harro eta eskertuta zegoen inguruan zeukan lan taldearekin, eta gu geu ere harro eta eskertuta gaude Joxe Mari gure senide izan zelako».
Ikastetxeen hobekuntza eta eraldaketa pedagogikorako laguntza
Hik Hasik hezkuntza berritzeko eta eraldatzeko bidelaguntza profesionala eskaintzen du eta 28 urte daramatza dibulgazio lanetan eta Euskal Herriko milaka irakasle formatzen. Hezkuntza komunitateko hezitzaileentzat elkargunea da eta horren guztiaren osagarri gisa sortu zuen Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza beka, Hernaniko Udalaren laguntzarekin.
Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka, Hik Hasik eta Hernaniko Udalak hezkuntza komunitatearen eskura jartzen duten tresna bat da. Bekak hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jartzen du arreta: «Bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta horretarako, ikerketa bat
egitea eta horren ostean material bat eskaintzea hobetsiko da», adierazi zuen Azpirotzek. Hik Hasiren egitekoetako bat hezkuntzan dauden hutsuneak detektatzea eta horiei erantzutea da. «Eta beka honekin ere horixe nahi dugu: eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat ematea, marko bat
eskaintzea».
12.000 euroko beka, eta urte eta erdiko epea gauzatzeko
«Euskal Herriko ikastetxeek gaur egungo erronka sozial, etiko, teknologiko, pedagogiko eta abarrei erantzuteko, eraldaketa prozesuak egitea beharrezkoa dute, eta eraldaketak marko teoriko eta bide-orri metodologikoa behar ditu», erantsi zuen Azpirotzek. «Beka honen helburua eraldaketa prozesuan lagunduko dute oinarri teorikoak eta metodologikoak osatzea da. Etengabeko hobekuntzarako bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen material bat proposatuko du, orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, horren gainean ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren».
Beka Euskal Herrian hezkuntza-hobekuntzan dabiltzan ikerlariei, ikerketa-taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateei zuzenduta dago. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1ean bukatuko da eta epaimahaiak 2026ko urtarrilaren 8an jakinaraziko du saritutako proiektua zein den. Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa
izango da eta urte eta erdiko epea gauzatu beharko da.
Azpirotzek adierazi zuenez, «Hik Hasi ilusioz dago, Euskal Herriko ikastetxeei beka honen emaitza oso baliagarria egingo zaielako eta Joxe Mariren balio garrantzitsu bati bide emango zaiolako. Harentzat hain garrantzitsu ziren haurrak kontuan izango dituzten heziguneak behar ditugu eta horretarako etengabeko hobekuntza pedagogikorako tresna erabilgarria eta argigarria sortuko da».
Bigarren deialdiko lana eta emaitza, bukatzear
Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdia Jakinmin filosofia elkarteari eman zitzaion 2024an. Datorren urtarrilean bukatuko da lana burutzeko epea.
Proiektuak bi helburu nagusi ditu: ikasleengan hausnarketarako gaitasuna, elkarbizitza eta erabaki prozesuetan parte-hartzea sustatzea eta, irakasleen jardunean hausnarketa pedagogikoa eta kalitatezko erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzea. Bekak iraun duen denboran, Elkarrizketa Argudiatu Kooperatiboa (EAK) landu dute Bilboko Ellakuria-Zurbaran ikastetxean ikasleekin eta irakasleekin.
Hik Hasiko Ainhoa Azpirotzek aurreratu du zertan den prozesua. «Lanketa horren ondoren bi emaitza izango ditugu datorren urtearen hasieran: LH6rako ipuin sorta, Balio Etikoak ikasgaian erabiltzeko ikasmateriala izango dena, EAK edo elkarrizketa filosofia duena oinarri eta irakasleentzako gida, nola txertatu ikastetxe batean EAK».
Lehenengo Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza beka Otxandioko eskolan Haur Hezkuntzan naturaren integrazioa berrikuntza pedagogikoz lantzeko egindako proposamenak jaso zuen.
«Proiektu konkretuak Otxandioko eskola batean has daitezke, ondoren filosofiaz beteriko zurrunbilo batean sartu eta nafar Pirinioetako eskola txiki batera iritsi...», erantsi zuen Axier Mingo Hernaniko Hezkuntza zinegotziak.