Faxismoaren gorakadari aurre egin

Anartz Elosegi Mujika 2025ko urr. 20a, 00:00

Urriaren 12an falangistek ekitaldi politiko bat antolatu zuten Gasteizen, zeresan handia eman duena. Zenbait alderdi politikok bi aldeak zaku berean sartu dituzte eta hori onartezina da. Ezin da onartu Gasteizera eskubide nazionalak zein sozialak ezeztatzera, frankismoari gorazarrea egitera, euskara erasotzera, migranteak kriminalizatzera edo aniztasun sexuala ukatzera etorritakoak, horien aurka jardun zutenekin alderatzea. Honekin batera, beharrezkoa da ertzaintzaren jarrera zuritu izana salatzea. Zabaldutako irudietan ertzaintza falangistekin batera kargatzen ikusten da, faxistek gasteiztarrak mehatxatzen edo kolpatzen zituzten bitartean burdinazko barrekin eta makilekin. Horien aurka oldartu ordez, ertzaintza jendea kolpatzera atera zen. Amaierako emaitzak argi adierazten du ertzaintzaren eta atzetik dauden instituzioen interesa: 19 antifaxista atxilotu (eta zaurituak) eta falangistarik ez.

Faxismoa gorroto eta biolentzia ideologia bat da: etorkinen, emakumeen, komunisten eta oro har langile klasearen aurkakoa. Azken urteetan nabarmen areagotzen eta normalizatzen ari da, eta igandekoa bezalako iniziatibak dira hori aurre egiteko formula indartsuenetako bat. Faxistei kaleak hartzen utziz gero beraien jarduna normalizatzen da, eta hori kosta ala kosta ekidin behar dugu. Agerikoa da: ideia erreakzionario eta faxistak geroz eta indar handiagoa dute gizartean eta ezin da onartu hauen aurka borroka egiten duten pertsonen kriminalizazioa. Ezinbestekoa da ideia hauei kalean aurre egitea eta aurrerapausorik ematen ez uztea. Bide horretan, gakoa egunerokoan antolatzen eta borrokatzen jarraitzea da faxismoaren eta berau sortzen duen kapitalismoaren aurka.

 

Anartz Elosegi Mujika, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kidea

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!