'Zahartzeko manerak euskal literaturan' izango du hizpide gogoeta eta eztabaida feministak ikastaroak. Irakurle taldean parte hartu nahi duenak urriaren 22ra arte izango du aukera, egun hau barne.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, literatur talde honetan, zahartzeko maneren inguruko literatur lan laburrak eta pasarte literarioak landuko dituzte, «betiere genero-ikuspegiak zahartzeko modu horiek nola zeharkatzen dituen aztertzeko asmoz». Saioetan, zenbait galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira partaideak, besteak beste honako galderak aipatu dituzte: Zein zahartzeko manera irudikatu dira euskal literatura garaikidean? zahartzeko manera horiek zer genero-ikuspegi irudikatu dituzte? zahartzeko manera horiek irudikatzean, nolako proposamen feministak egin dira? Irakurleok nola eraikitzen dugu geure zahartzeko imajinarioen eta pertsonaiaren zahartzeko moduen arteko harremana?
Aurten Iratxe Retolazak dinamizatuko ditu saioak eta osotara hiru saio izango dira, euskeraz. Lehen saioa urriaren 29an izango da, bigarrena azaroaren 5ean eta azkenekoa abenduaren 17an. Hiru saioak arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara, Kulturarteko Plaza Feministan.
Lehen bi saioetan, irakurketa kolektiboak egingo dira, galderak ardatz hartuta eta hirugarrenean mahai-ingurua. Bertan parte hartuko dute Yolanda Arrieta eta Mar Luz Esteban idazleek.