Hernani feminista, antiarrazista, ekologista, euskalduna eta berdinzalea irudikatuko da

Kronika - Erredakzioa 2025eko urriaren 18a

Burujabetzen Eguna datorren igandean izango da.

Hirugarren edizioan helburu hori dute aurtengo Burujabetzen Egunean, urriaren 25ean, Hernani Burujaberen laugarren urteurrenean.

 

Hernani Burujaberen laugarren urteurrena, eta hirugarren Burujabetzen Eguna. Adierazi dutenez, bizitzarako oinarrizko diren eremuetan negozio egiteari uztea da proiektu honen helburuetako bat, eta emaitza esanguratsuak lortu dira hainbatetan: energia, elikadura, moneta, zaintza, telekomunikazioak, bioaniztasuna eta etxebizitza. Horiek ospatzeko urteroko hitzordua da Burujabetzen Eguna.

Urriaren 25ean egingo da aurten, Plaza Berrin. Aurreko aldietan ez bezala, oraingoan Hernani Burujabeko sektore ekonomikoetako eragileez gain, herriko hainbat eragile eta
elkarteek ere hartuko dute plaza. Izan ere, «prozesu guzti honetan erdigunean jarri nahi diren balioak dira euskara, feminismoa, antiarrazakeria, justizia soziala eta hezkuntza», eta horietan lanean ari diren herriko hainbat taldek parte hartuko dute Burujabetzen Egunean.

Hortaz, egunari hasiera emateko, 11:30etan, Zapotxin pailazoa postuz postu ibiliko da eragileen aurkezpenak egiteko. Orotara, 19 elkarte elkartuko dira: AEK, Dobera, Burrunba,
Amher, Harrotzen, Stop Kaleratzeak, LAB, ELA, Zero Zabor, Gu geok, Altxa Burua, Jangela Etzi, Enherkom, Herrilur, Henase, EHKom, Etxegura, Ekhilur, Sagarreta, Maitelan eta Auzozaintzako eragileak.

Ondoren, Zaintzaldiari hasiera emango diote argazki kolektibo baten bidez. Aurten lehen aldiz egingo den ekimena da Zaintzaldia, eta zaintza komunitarioaren inguruan
hausnartzeko helburua du. Parte hartzen duen hori ‘Auzozain’ izango da astebetez, eta auzotarrengan arreta handiagoz jokatzeko konpromisoa hartuko du. Burujabetzen egunean, beraz, 12:30etako argazki kolektiboan parte hartzera gonbidatuta daude Zaintzaldiari babesa eman nahi dioten herritar zein elkarteak.

Hamaiketarako ordua izango da jarraian, trikitilari eta pandero-joleek girotuta, eta 13:15ean Hernani Burujabetik antolatutako argazki lehiaketaren saridunak jakinaraziko
ditu epaimahaiak. Hernaniko hainbat eragilek emandako sariak jasoko dituzte.

Egun osoko egitaraua izatea aurreikusten zen arren, arratsaldeko ekintzak bertan behera gelditu dira, Palestinako genozidioa salatzeko manifestazioa antolatu dela-eta, 17:30tan Bilbon. Hortaz, Hernani Burujabetik ere Bilboko manifestaziorako deialdia luzatuko da.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!