Urriko arratsaldeei udarako gau luzeen kolorea eta bakailuaren zaporea jarri ondoren, gaur bukatuko da Hernaniko Bakailu Astearen 13garren edizioa. Eta beste urte batez, taberna eta jatetxeen arteko pintxo lehiaketa izan da pizgarri nagusia, hernaniarrak egunero poteora gerturatu dituena. Milaka pintxo dastatu dituzte herritarrek bi asteko epean, goxoenak zein diren erabakitzeko. Eta aurtengoan, sari nagusia Errioguarda enea jatetxeari aitortu diote herritarrek. Guria taberna izan da bigarren, eta Tripontzi jatetxea hirugarren.
Herritarren erabakiak ez du bat egin, oraingoan, epaimahai profesionalak duela bi aste hartu eta sobre batean gordetakoarekin: Aralar taberna izan da epaimahaiaren saria jaso duena. Gaur arratsaldean egin dute kale buelta, irabazleak jakinarazi eta sariak banatzeko.
PINTXO LEHIAKETAREN IRABAZLEAK
EPAIMAHAIAREN SARIA
1. Aralar taberna, 'Kurruxkari' pintxoarekin
HERRITARREN SARIA
1. Errioguarda enea jatetxea, 'Dordoka' pintxoarekin
2. Guria taberna, 'Floripondioa' pintxoarekin
3. Tripontzi jatetxea, '3kolore' pintxoarekin