Landarera itzuliko da gaur arratsaldean Hernani, Belenosen aurka jokatzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 18a, 00:00

Inguruko jendearen laguntzarekin hazi egin nahi du Hernanik.

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua. Hernanik garaipenen errenkada luzatu nahi du. 

 

Denboraldi hasiera bikaina egiten ari da Hernani. Maila berriari azkar hartu dio neurria, eta orain arte jokatutako hiru partiduetan garaipena eskuratu du. Gaur arratsaldean Landarera itzuliko da taldea, Belenosen aurka jokatzeko. Etxean jarraipena eman nahi dio garaipenen errenkadari, eta zaleen bultzada ezinbestekoa izango da hori lortzeko.

Belenos talde asturiarrak bi garaipen eta porrot bat eskuratu ditu liga hasiera honetan. Etxean jokatutako partiduak aurrera atera ditu, baina etxetik kanpokoan ezin izan zuen garaipenik lortu. Aurrekari horri eutsita, Landaren sendo mantentzen saiatuko da Hernani. 

Jon Ander Zapiain kapitainak argi dauka talde gogor bati egin beharko diotela aurre: «Belenos talde fisikoa da. Badakigu jende haundia eta indartsua dutela, baina guk etxean hazten jarraitu behar dugu».

Denboraldi hasiera sorpresa puntuarekin bizitzen ari da taldea. Etxetik kanpo lortutako garaipenek konfiantza haundia eman diote Hernaniri, eta gogoz daude bide beretik jarraitzeko: «Bagenekien partidu guztiak oso gogorrak izango zirela, baina emaitza positiboekin dena da errazagoa. Lehenengo partiduetan gure helburua zen etxeko partiduak irabaztea eta kanpoan puntutxoren bat ateratzea. Egia esan, ez genuen espero egoera honetan egotea».

Zapiainek argi dauka gaurko partidua irabazteko ezinbestekoa izango dela ingurukoen laguntza: «Etxera itzuliko gara gaur. Gogo haundia daukagu Landaren jokatzeko, eta espero dugu jendearen bultzadarekin partidua aurrera ateratzea. Lau garaipenekin oso postu onean jarriko ginateke, eta ederra litzateke taldeak goranzko bidea jarraitzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!