Hortzak zorroztuta iritsiko dira Hernani eta Mundarro, gaurko derbi historikora

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 18a, 00:00

Iraia Olazabal astigartarra eta Maddi Salaberria hernaniarra.

Bi taldeek estreinako aldiz jokatuko dute elkarren kontra neska seniorretan, biek ere aurten taldea osatuta Gipuzkoako bigarren mailan aritzeko. «Bi taldeetako jokalariok oso harreman ona daukagu gure artean, batzuk lagunak ere bagara, baina lehiakortasuna izango da protagonista kantxan». Hernaniko kiroldegian daukate hitzordua, arratsaldeko 16:15etan.

 

Oso denboraldi berezia da hau Urumea bailarako eskubaloiarentzat. Historian aurreneko aldiz, neska seniorren taldea osatu du Mundarrok; eta horrek bat egin du beste albiste eder batekin: denboraldi honetan bertan berreskuratu du taldea Hernanik ere, neska seniorretan, 23 urteko itzalaldiaren ondoren. Hernani­ko talde haundi hura, urtetan Espainiako maila gorenean jokatu eta Europan ere lehiatu zena, bere errautsetatik berpiztu da. Urtetako prozesua izan da bientzat, harrobiko lanean hasi dena; eta koxka gorenera iritsi izana ospatzeko festa moduko bat izango da gaurkoa: historiako aurreneko derbia jokatuko du­te neska seniorretan.

Hernaniko kiroldegian jokatuko dute Hernanik eta Mundarrok, gaur arratsaldeko 16:15etan, hirugarren jardunaldiko partidua. Eta horren atarian, bi talde­etako kapitainekin hitz egin du Kronikak: Maddi Salaberria hernaniarrarekin eta Iraia Olazabal astigartarrarekin.

Poza eta harrotasuna

«Sentsazioa da lortu dugula, azkenean osatu dugula neska seniorren taldea», kontatu du Iraia Olazabalek: «Bere garaian gertu izan genuen, nire belaunaldikoak jubeniletatik seniorretara pasa ginenean. Baina ezin izan genuen taldea osatu, eta jokatzen jarraitu nahi genuenak sakabanatu egin ginen; Ereintzara eta Bera Berara joan ginen». 

Ate moreak ez ziren guztiz itxi haientzat, ordea, eta atzetik neska gehiago iritsi direnean, indarrak batu dituzte. Izan ere, beste bi belaunaldik elkarrekin egin zuten jubenil mailako bidea, eta orain, seniorretara iristean, orduko belaunaldiko bi lagun elkartu zaizkie: hiru belaunaldi elkarrekin (tartean oraindik jubenilak direnak), ametsa betetzeko. «Harrotasuna sortzen digu taldea osatzea lortu izanak, jokalari gutxi izan arren», dio Olazabalek.

Hala deskribatu du Hernaniko jokalarien sentimendua Maddi Salaberriak ere: «Urte asko eman ditugu taldea osatu ahal izateko, gogotik kosta zaigu; eta poza eta harrotasuna sentiarazi digu gu izateak, 23 urteren ondoren, talde honetan jokatuko dugunak. Talde historikoa izan zen Hernaniko neska seniorrena, eta orain, jendeak esan digu historia egiten ari garela taldea berreskuratuta. Guk oraindik ez dugu hori sinesten, baina badakigu pauso garrantzitsua izan dela».

Gaztetasuna, ezaugarri nagusia

Bi taldeen kasuan, berbera da ezaugarri nagusia: gaztetasuna. Jubenil mailako taldetik datoz Hernaniko jokalari gehien-gehienak, 18 urterekin. «Oso talde gaztea daukagu, eta bagenuen beldur pixka bat, nolako kontrarioak topatuko genituen, helduagoak», kontatu du Salaberriak: «Bagenekien ez dela denboraldi erraza izango, eta borrokatzen aritu beharko dugula. Baina talde konpletoa daukagu, eta denok ematen badugu gurea, gauza politak egin ditzakegu. Konfiantza hartu behar dugu, eta denboraldiak aurrera egin ahala asko hobetuko dugula uste dut. Gauza txikietatik hasi, eta haundiagoak lortzen joango gara. Lortuko dugu talde honek aurrera egitea», dio hernaniarren kapitainak.

Olazabalek dagoeneko badaki zer den seniorretan aritzea, eta aitortu du gaztetasuna izaten dela maila horretan «kolokan» jartzen zaituena: «Kontrarioak helduagoak izaten dira, urteak daramazkite seniorretan, eta lehiatzeko garaian nabaritu egiten da. Baina gogotsu dago taldea, entrenatzeko eta jokatzeko desiatzen gaude beti, eta ez dugu erraz amore emango, zailtasunak zailtasun», nabarmendu du astigartarren kapitainak.

Estreinako denboraldia izanik, emaitzetan baino gehiago, esperientzia pilatzean eta lehiakorrak izatean daukate jarrita begirada. «Taldea sendotzen joan nahi dugu, konfiantza hartu, elkarrekin gustura aritu kantxan, eta lehiatu, gure onena eman», azaldu du Salaberriak. Osasunari ere erreparatu dio Olazabalek: «Senior mailako aurreneko urtea ez da erraza izaten, eta inor ez lesionatzea da aurreneko helburua. Belauneko lesio larriak izan dituzten taldekideak badauzkagu, eta ez dugu halakorik nahi. Osasuna da garrantzitsuena».

Aurreneko bi partiduak galduta iritsiko dira bi taldeak derbira, baina horrek ez die «animoa eta gogoa apaldu», maila aldaketak koxka haundi xamarra daukala jakitun. Hernaniarrak gogotsu daude hurrengo partiduei begira: «Dagoeneko ikusi dugu zer topatuko dugun maila honetan, eta desiatzen gaude hemendik aurrera gure onena emateko partidu guztietan».

Mundarrokoek ere gogoz helduko diote datorrenari: «Galdu arren, sentsazio onak izan ditugu. Aurreneko partidua burumakur bukatu genuen, baina galdu arren, esperantza eman zigun denboraldiari begira. Ikusi dugu hobetu beharra daukagula, baina partiduak lehiatzeko eta irabazteko gai garela ere bai». 

«Pike sanoa eta lehia parekatua», gaurko derbian

Bi taldeetako batek lortuko du denboraldiko aurreneko garaipena, berdinketarik ez bada. Baina ezin baztertu liteke berdinketa, «oso partidu parekatua» espero baitute bi taldeetako kapitainek. «Jubeniletan halakoak izan dira gure arteko partiduak, eta ez dut uste oraingoa oso desberdina izango denik», dio Salaberriak.

Derbiek daukaten xarma berezi horrek ere ez du hutsik egingo. «Hernaniren kontrakoa beti izaten da partidu gogorra», dio Olazabalek: «Motibazio berezia sortzen digu, etxe ondoan, ezagunak edukita... Aurreko urteotan, pike haundiko partiduak izan dira, eta halakoa espero dut hau ere. Pike sanoa izan dadila!».

Pike sanoaren gozotasun bihurria agerian utzi du Salaberriak ere: «Bi taldeetako jokalariok oso harreman ona daukagu gure artean, batzuk lagunak ere bagara. Eta besoak zabalik hartuko ditugu Hernanin. Baina kantxan lehiakortasuna izango da protagonista, eta garaipena lortu nahi dugu». Horretarako, eta oraingo txandan etxean arituta, hernaniarren babesa eskatu du kapitainak: «Nahiko genuke jendea ikustera etortzea. Ez da edozein partidu, lehia polita izango da. Harmailak beteta ikusi nahiko genituzke, eta haien animoak jaso».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!