Chillida Lekuk Koen Vanmechel belgikarraren proiektua hartuko du bere gain urtarrilaren amaiera arte. Limina: Cosmopolitan Chicken Project 30 proiektua inauguratu zen ostegunean. Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan, erakusketak museoa natura, artea, zientzia eta arkitektura gurutzatzen diren leku bizi bihurtuko du.
Limina: Cosmopolitan Chicken Project 30 proiektuak kultur aniztasunaren eta proiektuaren atzean dagoen trukearen garrantzia azpimarratzen du. «Nire lanean funtsezko printzipioa emankortasun hutsa da, biologikoa, kulturala, sortzailea, trukearen bidez sortzen dena. Aniztasuna ez da luxu bat; bizitzaren indar eragilea da», dio artistak.
Koen Vanmechelen arte garaikideko artista nabarmena da, artea, zientzia, natura eta gizartea nahasten dituen ikuspegi berritzaileagatik ezaguna. Bere obran, identitateari, aniztasunari, globalizazioari eta giza eskubideei buruzko gaiak jorratzen ditu, denboraz kanpokoak zein gaur egungoak. Chillidak bezala, «mugari» buruz hausnartzen du sorkuntzarako leku gisa. Izan ere, artista gidatzen duen ideietako bat honako hau da: «globala tokian tokikoaren eskuzabaltasunagatik bakarrik existitzen da». Esaldi horretan Eduardo Chillidak bere nortasunari buruz duen ikuspegia ere entzuten da, «bere lurrean sustraitutako zuhaitza bezala, baina adarrak mundura osora zabalik».
Horrela, Garbizu Collar Architectureko Jon Garbizu eta Victoria Collar-rek eta Kri arkitektura estudioko Gonzalo Peñak erakusketa honekin, ohiko ibilbidea uztera gonbidatzen dute jendea, gutxi ibiltzen diren guneetan barneratzeko, non landaredia autonomia haundiagoz haziko den. Gainera, artistak museoaren ekosistema artistikoa eraldatuko du, bisitaria sormen prozesuaren parte bihurtuz.