Etzi amaituko da argazki lehiaketan parte hartzeko epea

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 17a, 00:00

Nahi adina argazki bidali daitezke, eta ez dira derrigorrez Hernani Burujabeko zazpi sektore ekonomikoak ikutu behar argazkietan.

Hernani Burujabek argazki le­hi­aketa antolatu du, urriaren 25ean egingo den Burujabetzen egunean izango den erakusketan argazkiak plazaratzeko.

Lehiaketan parte hartzeko, etxebizitza, energia, elikadura, zaintza, moneta, bioaniztasuna eta telekomunikazioak sektore ekonomikoen inguruko argazkia bidali beharko da, helbide elektroniko honetara, argazkien azalpen labur batekin: bidea@hernaniburujabe.eus. Etzi, igandearekin, amaituko da argazkiak bidaltzeko epea.

Lehiaketan parte hartzeko, aipatutako zazpi sektore horiei lotutako irudiak bidali beharko dira. Nahi adina argazki bidali daitezke, eta ez dira derrigorrez zazpi sektoreak ikutu behar. Aurrerantzean argazki horiek erabiltzea baimentzen den ere adierazi beharko da mezuan.

Lehiaketaren epaimahaiak urriaren 25ean, Burujabetzen Egunean, banatuko ditu sariak. Eguerdiko 13:15etan izango da hori, Plaza Berrin. Sariak Hernaniko hainbat eragileren eskutik jasoko dituzte: Hernaniko komertzioetan gastatzeko, Ekhilurretik 100 ekhi; Enherkom energia komunitatean bazkidetza eta aholkularitza saioa; Herrilurreko produktu sorta; Sagarretaren eskutik lau zuhaitz autoktono; Hernani errugbi taldeko kirol materiala, eta CD Hernaniko kirol materiala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!