Asteklimaren baitan, hamar ekimen herritarrak mobilizatzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 17a, 00:00

Asteklima 2025 hasi berri da..

Gaurtik urriaren 24ra antolatu ditu Udalak. Klima Azoka izango da gaur Plaza Berrin.

Asteklimak, Euskadiko klima eta energiaren asteak, Hernanin ere izango du oihartzuna. Izan ere, hainbat ekintza antolatu dituzte aurten ere, herritarrak klima-aldaketaren aurrean mobilizatzeko eta trantsizio energetikoan aurrera egiteko.

Gaurtik urriaren 24ra, hamar ekintza izango dira gurean. Joan den urtean, Hernaniko Udalak Asteklimako ekimen onenaren saria jaso zuen, «antolatutako egitarau eta ekintzen kalitate eta inpaktuagatik».

 

Adin guztien inplikazioa bilatuko duten ekintzak

Klima Azokarekin hasiko da Asteklima, gaur. Klima Azoka esperientzia interaktiboa da. Helburua da, esperimentu, jolas eta tailerren bidez, herritarrak klima-aldaketari aurre egiteko beharraz jabetzea. Goizean, herriko ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute Klima Azokan. Arratsaldez, berriz, herritar guztientzako irekitako esperientzia izango da Plaza Berrin; euriarekin, Atsegindegin.

Ez da ikasleekin egingo den ekintza bakarra izango. Izan ere, hilaren 21a Energia Aurrezteko Nazioarteko Eguna da. Horregatik, aste horretan energia aurrezteko Euronet 50/50 programan parte hartzen duten herriko bi ikastetxeetan, Urumea ikastolan eta Ereñotzuko Txirrita eskolan, energia sortzeari buruzko tailer berezi bana egingo da, Enherkomekin elkarlanean. Bizikleta bati eraginez, energia sortzen arituko dira ikasleak. «Energia sorkuntzaren inguruan sentsibilizatu eta informatzea» da tailer berezi honen asmoa. Hilaren 21ean izango da tailerra Urumean, eta 24an Txirritan.

Hernaniko babesgune klimatikoekin lotuta, Ibilbide Klimatikoa egingo dute hilaren 21ean bertan, asteartez. Helburua izango da Hernaniko Udalak identifikatutako babesgune klimatikoen arteko bideak aztertzeko saio parte-hartzailea egitea, «babesgune klimatikoak ezagutu eta batetik besterako bideak aproposak ote diren bermatzeko». Saio honetan ikasleek eta Ttapa-Ttapako adinekoek parte hartuko dute, baina herritar guztientzako irekita dago. Parte hartu nahi duenak, labur.eus/IbilbideKlimatikoak helbidean eman dezake izena.

 

Konponketa tailerrak, egunero

Konponketa tailerrak izango dira Asteklimako ekintza praktikoenetarikoa. Udala eta Emaus Fundazioa elkarlanean aritu dira tailer hauek antolatzeko garaian. «Hondakinen prebentzioan sentsibilizazioa, kontsumo arduratsua eta herritarren ahalduntzea» sustatu nahi dute tailerrek.

Honela, hilaren 20tik 24ra, goizero (10:00-13:00) egongo da zabalik Oleta 25eko Autokonpon­keta Tailerra. Altzariak za­har­berritzeko aukera izango dute herritarrek bertan, Kromosoma tailerraren laguntzarekin.

Arratsaldez, berriz, konponketa tailerrak Plaza Berrin izango dira (euria eginez gero, Atsegindegin). Egunero, arlo ezberdin batean trebatzeko aukera izango dute herritarrek, adituek lagunduta: moda jasangarria, joskintza, bizikleta tailerra, eta gailu elektriko eta elektronikoen konponketa, besteak beste.

 

Hernaniko ibaietan bildutako hondakinak, Zinkoeneara

Hondakinek harreman zuzena dute klima aldaketarekin. Hernaniko Udalak urte osoan zehar egiten ditu ibai-garbiketak herriko ibaietan. Horrez gain, Sagarreta Natur Taldeak ere auzolanean ibai-garbiketa egin zuen urriaren 4an. Garbiketa horietan jasotako hondakin bereziak eta datuak erakutsiko dituzte Zinkoenean jarriko duten kale erakusketan, «herritarren kontzientziazioan eragin nahian».

Ez da hori izango Asteklimaren baitako erakusketa bakarra. Izan ere, Jantzi Hernani izeneko sentsibilizazio kanpainak bigarren eskuko arropaz jantzitako manikiak eramango ditu hainbat udal ekipamentutara. Modak duen ingurumen-inpaktuaren inguruan hausnartzeko gonbita izango da ekimen hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!