Hernaniko Udalak 16 eta 30 urte arteko gazteentzako enplegu orientazio zerbitzua jarriko du martxan. Urriaren 21etik aurrera, asteartero eskainiko da aholkularitza zerbitzua Burujabetzen Etxean (Florida, 28).
Aitor Lukas Gazteria zinegotziak azaldu duenez, «iaz egin genuen Hernaniko gazte diagnostikoan kezka-iturri nagusienetakoa izan zen enplegua eta etorkizuna: Hernaniko gazteok lan-munduan sartzeko zailtasunak izan ohi ditugu». Hori dela eta, gazteen lan-munduratzea errazteko, Gazteria eta Tokiko Garapen sailek elkarlanean enplegu orientazio eskaintza landu dute, «16 eta 30 urte arteko gazteei aholkularitza eta orientazio formatibo-laborala eskaintzeko, eremu publiko zein pribatuko lan-aukerak aztertzeko, ibilbide profesional eta formakuntzazkoak elkarrekin diseinatu eta Hernaniko gazteon arteko sarea sortzeko».
Lukasen iritziz, «ikasle diren edo ikasketak bukatu berri dituzten gazteentzako bereziki aproposa izan daiteke, enplegura lehen hurbilpena egiteko».
Asteartero, pertsonalizatua
Asteartero, 09:00etatik 12:00etara eskainiko da zerbitzua, aurrez aurre Burujabetzen Etxean edota online. Hitzordu bidez funtzionatuko du zerbitzuak. Horregatik, aldez aurretik ordua hartu beharko da. Dagoeneko hasi daiteke hitzordua hartzen.
Udaleko Enplegu teknikaria arduratuko da gazteei arreta pertsonalizatua emateaz. Momentuz, enplegu orientazio zerbitzua ekaina arte egongo da martxan, Kontakturako Burujabetzen Etxera hurbildu daiteke gaztea, e-maila bidez egin dezake: tokiko-garapena@hernani.eus edota telefonoa erabili daiteke: 943 33 35 01.