Hernaniko Gernika Palestina Herri Ekimenak bat egiten du lanuzteekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 14a, 11:09

Hernaniko Gernika Palestina Herri Ekimenak bat egiten du bihar, sindikatuek deituta, egingo diren lan uzte orokorrekin. "Deialdia babesten dugu eta zuzenean partehartzea deitzen dugu. Egunean bertan, arratsaldeko 19:30etan, Udaletxe aurrean egingo dugun kontzentrazio zaratatsuan parte hartzea ere gonbidatzen zaitugu".

• Begi onez ikusten dugu akordioa egon izana. Nazioarteko komunitateak ardura hartu behar du eta hau errespetatzen dela bermatu beharko luke. Zuhurtziaz jokatu behar dugu hala ere. Kontziente izan behar gara edozein momentutan Israelek akordioa betetzeari utzi diezaiokeela.

•    Genozidioa ez da Trumpen akordioarekin amaitzen. Genozidioa indarrean dago. Nazio Batuen Erakundeak adierazi bezala Gazan genozidioa ematen ari da eta luzerako doa.

•    Nola da posible nazioarteko araudiak eta diplomaziak porrot egin izana? Nola utzi dugu puntu honetara iristen? Egoera hau berriro beste inon ez gertatzeko bermeak behar dira eta honek autokritika sakona eskatzen du.

•    Orain inoiz baino gehiago Palestina babesten jarraitu behar da. Bigarren plano batean geratzeko arriskua dago eta baita babes eta mobilizazio soziala apaltzeko arriskua ere. Ezin dugu hau onartu.

•    Israel isolatzen jarraitu behar dugu. Maila diplomatiko, komertzial, kulturala, kirol mailan, instituzionala, akademikoak... okupazioa, apartheid-a eta palestinar lurretan kolonia ilegalak amaitu arte.--
 
•    Palestinak erdigunea izan behar du. Palestina entzun eta beraien hitza errespetatua izan behar da. Guri konpromisoak hartzea dagokigu, bakoitzak Palestina babesteko egin dezakeen hori egiteko momentua da. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!