Gurasotasuna lantzeko bi hitzaldi eskainiko dira urrian eta azaroan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 14a, 00:00

Urriaren 28an izango da lehenengo saioa, Biterin, 17:30etan. Miren Ros familia hezitzaileak heriotzaren pedagogia izango du hizpide.

 

Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, berriz ere Treba Gurasoak programaren baitan bi saio antolatu ditu. Helburua, gurasotasuna lantzeko eta seme-alaben heziketan laguntzeko tresnak ematea da.

Urrian eta azaroan, saio bana izango da Hernanin. Lehenengo saioa urriaren 28an izango da. Miren Ros familia hezitzaileak heriotzaren pedagogia izango du hizpide. Haur eta nerabeen familiei bideratutako saioa da, «helburua familiei baliabideak ematea eta trebatzea da heriotzaz naturaltasunez hitz egin eta seme-alaben galderak erantzuteko».

Bigarren saioa azaroaren 25ean izango da. Berriz ere Ros ariko da hizlari lanetan, ordukoan, emozioen kudeaketaren inguruan ariko da. Gurasoei euren emozioak kudeatzeko gakoak eman eta baliabide praktikoak eskainiko dira adimen emozionala garatu «eta gurasoak seme-alaben bidelagun osasungarriak izateko».

Bi saioak Biterin izango dira (17:30-19:00). Euskeraz izango dira eta gaztelerara aldibereko itzulpena izango da eskatzen duten gurasoentzat. Haurren zaintza zerbitzua ere eskainiko da.

Aldez aurretik izena eman behar da esteka honetan: labur.eus/trebaHernani.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!