Ikasturte hasierarekin batera hemen da beste urte batez Mintzalaguna egitasmoa. Doakoa da parte-hartzea, eta izen-ematea zabalik dago, bai euskara praktikatu nahi dutenentzat, eta baita praktikatzen lagundu nahi dutenentzat ere.
Mintzalaguna, mintzapraktika egiteko egitasmoa da. Euskeraz egiteko ohitura duten lagunak, eta mintzapraktika egin nahi dutenak elkartzen ditu astean ordu betez euskeraz hitz egiteko. Euskera gehiagotan erabiltzeko, euskeraren ezagutza haunditzeko, euskerazko harremanak egiteko, euskeraren alde egiteko, beldur eta lotsei aurre egiteko, lagun euskaldun berriak egiteko, normalizazioaren alde egiteko... mintzalaguna izateko arrazoiak askotarikoak izan daitezke.
Parte hartzeko baldintza bakarra dago: euskeraz komunikatzeko gutxieneko maila izan behar da.
Izen-ematea zabalik dago, bai euskera praktikatu nahi dutenentzat, eta baita praktikatzen lagundu nahi dutenenetzat ere. Lau bide daude izena emateko, eta epea orain zabaldu arren, urte osoan zehar apuntatu daiteke: Doberako bulegoan (Larramendi kalea 11, behea), 943 332799 telefonora deituta, dobera@dobera.eus helbidera idatzita, edota online: www.taupamugimendua.eus/mintzapraktika.
Oraingoz 55 bat lagun talde txikitan
Aurreko urteetan aritutako talde batzuk martxan dira dagoeneko. Berriro elkartzen hasteko gogotsu, azkar lotu dute asteroko zita, eta ekin diote euskera praktikatzeari, bidelagunen eskutik. Mintzalagun berriak berriz, laster hasiko dira taldeetan sartzen edo talde berriak osatzen. Doberako dinamizatzailea arduratuko da partehartzaileak taldeetan antolatzeaz, bakoitzaren ordutegiak, gustuak, afizioak, euskara maila... kontuan hartuta.
Une honetan 55 bat lagun dabiltza ekimenean, eta talde txikitan egiten dituzte saioak.
Talde txikien saioez gain, harreman sarea haunditzeko helburuarekin, parte hartzaile guztiek elkarrekin egiteko jarduerak antolatzen dituzte; mintzapotea, bisita gidatuak, irteerak, hitzaldiak, askariak….