Hernaniko Udaleko langileek lanuzte orokorra egingo dute bihar

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 14a, 00:00

Sindikatuek biharko deitu duten lanuzte orokorrarekin bat egin du Udaleko Langileen Batzarrak, beraz, Udala eta bere zerbitzu guztiak itxita egongo dira bihar goizeko 11:00etatik 14:00etara.

Hernaniko Udaleko Langileen Batzarrak adierazi du, bat egiten duela sindikatuek biharko deitu duten lanuzte orokorrarekin. Ondorioz, Hernaniko Udala eta bere zerbitzu guztiak itxita egongo dira bihar goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean.

Lanuzteak egingo dira baita ere 19:00etatik 22:00etara eta 03:00etatik 06:00etara, beraz, Udaleko zerbitzuek ez dute lanik egingo ordu horietan. 

Badira aste batzuk urriaren 15erako lanuzte orokorrerako deialdia egin zutela, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Besteak beste, «Palestinako herriari langile klase osoaren elkartasuna» adierazteko lanuzteak izango direla azaldu dute, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. 

Honakoak dira urriaren 15erako sindikatuen aldarrikapenak:

• «Israel, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak salatuko dugu».

• «Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatuko ditugu».

• «Gazan genozidioaren berehalako amaiera exijituko dugu, eta okupazioari nahiz kolonizazioari bukaera emango dion konponbide integral bat eskatuko, Palestinako herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz».

• «Patronalari eta instituzio propio nahiz nazioartekoei Israelgo Estatuarekiko harreman komertzial oro eten dezatela exijituko diegu. Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea».

• «Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezatela eskatzea».

Elkarretaratzea bihar, udaletxeko atarian

Lanuztearekin batera, elkarretaratzea egingo dute Udaleko langileek udaletxe atarian, goizeko 11:00etan. Bertaratzeko deia zabaldu dute: «Aldarrikapenekin bat egiten duen herritar orori elkarretaratze honetan parte hartzera dei egiten diogu».

Ondoren, Donostiko Bulebarrean 12:30etan egingo den manifestaziora abiatuko dira langileak.

Manifestazioa arratsaldean, Gernika-Palestinak deituta

Eguna bukatu aurretik, azken hitzordua Hernnain bertan izango da. Batzordeak parte hartuko du Gernika-Palestina herri ekimenak, arratsaldeko 19:30etan, Hernanin egingo duen manifestazioan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!