Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Etxegurak eta Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 13a, 00:00

Helburua da «etxebizitza eskubidea sustatzea eta etxe hutsen mobilizazioa bultzatzea» herrian. Zenbait neurri eman dituzte aditzera dagoeneko.

Etxebizitzaren arloan eragiteko asmoz, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Hernaniko Udalak eta Etxegurak, Hernani Burujabe proiektuaren baitan sortutako elkarteak. Lau urterako hitzarmena da, eta urtean 22.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak Etxegurari, «dinamizazio eta aholkularitza lanak egin ditzan, eta etxebizitza politika komunitarioak sustatzeko».

Hitzarmen horren bitartez, «etxebizitza eskubidea sustatu eta etxe hutsen mobilizazioa bultzatu» nahi dute Hernanin, etxebizitza eskaria haundia dela eta. «Hirigintza garapen berriak beharrezkoak dira, baina etxebizitza huts asko dago gure herrian. Horregatik, funtsezkoa da etxebizitza parke pribatuaren aktibazioa ere, eta gure esku dagoena egin nahi dugu horretarako, nahiz eta eremu pribatuan esku hartzeko mugak izan», azaldu du Udalak. Bide horretan kokatu dute Etxegurarekin lankidetza-hitzarmena: «Gaur egun, etxebizitza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa da elkarlana eta ikuspegi komunitarioa», azaldu du Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak.

Zenbait neurri, etxebizitzaren arloan eragiteko

Hitzarmena sinatuta, dagoeneko eman dituzte aditzera zenbait neurri, etxebizitzaren arloan eragiteko. Batetik, Etxebizitza Behatokia jarriko du martxan Etxegurak, Burujabetzen Etxean (Florida 28) kokatuko dena, etxebizitzaren gaiaren inguruko kontsultak bideratu eta etxebizitza arloko azterketak egiteko Hernanin. Izan ere, lankidetza-hitzarmenaren baitan, honako arloetan arituko da Etxegura, azaldu dutenez: «Kolektibo zaurgarriei aholkularitza eta arreta zerbitzua eskaintzen; higiezin sozialaren alternatibak aztertu eta martxan jartzen; etxebizitza hutsak mobilizatzen; etxebizitza eredu alternatiboen garapena dinamizatzen; etxebizitza kooperatibak sustatzen; alokairuaren merkatua aktibatzen; edota higiezinen merkatuan gaur egun dagoen arrazismoaren aurka borrokan».

Errekargu eta hobari berriak dira iragarritako beste neurrietako bat. 2026tik aurrera, Udalak %150eko errekargua aplikatuko die etxebizitza hutsei, eta alderantziz, etxejabeek %99ko hobaria izango dute etxebizitza hutsa alokairu sozialera bideratzen badute, Eusko Jaurlaritzako Bizigune programaren bidez. Iraileko Plenoan onartu zituzten bi neurriak, eta horien bitartez, etxebizitza hutsak alokairu sozialean merkaturatzea sustatu nahi du Udalak.

Gainera, neurri horiek lotu­ta daude etxebizitza eremu ten­tsionatu izendapenarekin. Her­naniri izendapen hori onartzeko prozesua abiatu du Eusko Jaurlaritzak, eta datozen hilabeteetan aitortzea aurreikusi du. Behin izendapena jasota, aukera izango da «Hernaniko alokairuko etxebizitzen prezioa erregulatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!