Bi aste barru hasiko da Hernaniko Xake Txapelketa, eta izenematea zabalik dago urriaren 22ra arte

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 13a, 00:00

Xake taulak izango dira protagonista Kixkal tabernan, beste urte batez.

Kixkal tabernan jokatuko dira partidak igandeetan, 16:00etan hasita, urriaren 26tik azaroaren 30era. 5 euro dira izenematea, 'xakekixkal@gmail.com' helbide elektronikoan edo 685 369 952 telefono zenbakian.

Xakeak jantziko ditu udazkeneko igande arratsaldeak, beste behin, Kixkal tabernan. Urriaren 26an hasiko da Hernaniko Xake Txapelketa, eta sei asteburutan jokatuko da, azaroaren 30era arte. 

Aurreneko bost igandeetan (urriak 26 eta azaroak 2, 9, 16 eta 23) ligaxka jokatuko dute. Eta ligaxkako lau onenek, semifinalak eta finala izango dituzte azaroaren 30ean. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira partidak igandero. Dena den, bi lehiakideak ados jarriz gero, astean zehar ere jokatu dezakete, eta emaitza antolatzaileei jakinarazi iganderako. Ohi bezala, joko sistema suitzarra erabiliko dute: sailkapenean maila berean dauden jokalariak (puntu berak dituztenak), elkarren kontra ariko dira. Jokalari bakoitzak ordubete izango du partida jokatzeko. Atseden egun bat hartzeko aukera izango da, aurreko asteko igandea baino lehen eskatuta; eta puntu erdia jasoko da jokatu gabe. Ligaxkako azkeneko jardunaldian ezingo da atseden hartu.

Izenematea dagoeneko zabalik dago, urriaren 22ra arte. Bi bide jarri dituzte aukeran, apuntatzeko: 685 369 952 telefono zenbakia, eta xakekixkal@gmail.com helbide elektronikoa. 5 euro or­daindu beharko dira lehenengo egunean, baina doakoa izango da langabetuentzat, ikasleentzat, 18 urtetik beherakoentzat eta 65etik gorakoentzat.

Sariak izango dira aurrenekoentzat, herriko onenentzat, eta baita adinaren arabera ere.

Xake ikastaroak, haurrentzat

Bestalde, Hernaniko Xake Taldeak jakinarazi du haurrentzako xake ikastaroak eskainiko dituela ikasturte osoan zehar. Asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 17:00etan, Xake Taldeak Aristizabal kalean daukan lokalean. Izena emateko, 685 369 952 telefonora deitu behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!