2026an itzuliko dira Hernaniko Gazte Olinpiadak. Azken asteetako bilera ireki eta informatiboek eman dute emaitza: dagoeneko zabalik dago taldeen izenematea. Formulario honen bidez egin beharko dute taldeek, urriaren 31ra bitarte, bertan eskatzen diren gauza guztiak zehaztuta:
Taldearen izena
Olinpiaden estiloari fidel, hitz joko oso oso graziosoren bat hautatzea da gomendioa. Gogoratu 'Brugalkaba' edo 'Putreak' bezalako izen original eta erakargarriak hartuta daudela jada.
Taldekide kopurua
Zifra osoa eman behar da, nahiz eta jakin gehienak eskakeatu egingo direla proba konprometituak iristen direnean.
Adina
Mingarria izan daitekeen atala da; are gehiago edizio honetako gutxieneko adina jakinda (2010). Ez izan lotsarik, eta esan egia. Onartzea da lehenengo pausoa.
Taldeko ordezkariak
Bi zehaztu behar dira. Kontuz zeni ematen diozuen boterea.