Bueltan da Hernaniko Topaketa Gastronomikoa, Amher elkartearen eskutik, urtero bezala. Gaur eguerdian izango da munduko txoko ezberdinetako jakiak eta edariak dastatzeko aukera, 12:00etatik 14:00etara, Atsegindegin. Zehazki, 11 herrialdetako postuak jarriko dituzte: Ghana, Kolonbia, Maroko, Senegal, Honduras, Nigeria, Ekuador, Dominikar Errepublika, Portugal, Argentina eta Euskal Herria. 5 euroren truke, bi jaki eta edari bat izango dituzte bertaratuek. Hori bai, eskatu diete eraman ditzatela platera edo tupperra eta mahai-tresnak etxetik, hondakin gutxiago sortzeko.
Egutegi kontuak tarteko, urriaren 12an tokatu da aurtengo topaketa. Hori horrela, Amherrek adierazi du «jaiegun ofizialaren kontrako esanahia» eman nahi diotela gaurko egunari: «Abya Yalako (Amerika) milioika biztanlerentzat genozidioa eta esklabotza ekarri zuen 'Amerikaren aurkikuntza' gisa ospatzen da urriaren 12a». Horren ordez, nahi dute gaurkoa izan dadila «hernaniar jatorriko bizilagunen eta beste hainbat tokitatik etorritakoen arteko topaketa eguna, ezin baitira ospatu genozidioa, lurraldeen okupazioa, eta iraganeko eta egungo kolonialismoa».
Hori horrela, Topaketa Gastronomikoa baliatu nahi dute «zaporeak eta elkarrizketak partekatzeko, elkar aitortzeko eta elkartasuna adierazteko».
'Kaixo!' aldizkariaren 71garren zenbakia, kalean
Bestalde, Amherrek jakinarazi du dagoeneko argitaratu duela 'Kaixo!' aldizkariaren 71garren zenbakia. Bertan ere aritu dira Topaketa Gastronomikoaz, beste hainbat gairen artean: Hariak zinemaldia, euskera eta gaztelania klaseen hasiera, Merkatopaketa, udako jardueren errepasoa, Mugak Zabalduz Karabana... «Gozatu irakurketaz eta partekatu ezagunen artean!», luzatu diete gonbitea herritarrei.