Abenduan irekiko dira Galtzagorri Bordako ateak, gabonen magia sortzen den lekua

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 11a, 00:00

Dobera Euskara Elkarteak abenduko hiru asteburuetan irekiko ditu Olentzero eta Maridomingiren etxeko ateak. Doberako bazkide direnek sarrera erosteko aukera dute dagoeneko, gainontzeko herritarrek astelehenetik aurrera erosi ahal izango dute. 

Dobera Euskara Elkarteak Galtzagorri Bordako ateak irekiko ditu beste urte batez. Gabonak gertu daudela aprobetxatuz, abenduko asteburuetarako antolatu dituzte bisitak.

Galtzagorri Bordan Olentzero eta Maridomingi gertutik ezagutzeko aukera izango dute bailarako txikienek, baita guraso eta familiakideek ere. 

Bisita hauekin, Doberaren helburua «haurrek bertatik bertarako hartu emana» izatea da.

Horretarako, 45 minutu inguruko saioak antolatu dituzte. Haurrek Olentzero eta Maridomingiren istorioak entzungo dituzte, eta eskura emango dizkiete etxean idatzitako eskutitzak. Solasaldi politen artean, txokolate beroa hartzeko tartea ere eskainiko du elkarteak.

 

Bisitak abenduko hiru asteburuetan

Olentzero eta Maridomingiren etxea abenduko hiru asteburuetan irekiko dute: abenduaren 6an eta 7an, abenduaren 13an eta 14an eta abenduaren 20an eta 21ean. Egunean lau txanda egingo dira, goizetan bi saio 10:00etan eta 11:30etan; eta arratsaldetan beste bi, 16:30etan eta 18:00etan.

 

Sarrerak salgai Doberaren webgunean

Sarrerak salgai jarriko dituzte Doberako kideek etzi astelehenean, 12:00etatik aurrera, www.dobera.eus webgunean bertan. Kideek azaldu dute aurten aldaketa nabarmen bat egongo dela sarreren salmentari dagokionez. Sarrerak lehenik 2024-2013 urteetan jaiotako haurrentzat bakarrik erosi ahal izango dira. Eta ondoren, Doberako kideen mezua jasoko dute helduen sarrerak hartu ahal izateko. Bestalde, 0-1 urte bitarteko haurtxoek ez dute sarrerarik beharko. 

Txanda bakoitzean gehienez, 1-12 urte bitarteko 20 haur sartu ahal izango dira Galtzagorri Borda bisitatzera.

 

Bazkide izatearen abantaila

Doberako bazkide izateak badu bere abantaila Galtzagorriren Bordan. Doberako bazkide diren herritarrei sarrerak aldez aurretik erosteko aukera eskainiko zaie. Dagoeneko bazkide diren herritarrek badute sarrera eskuratzkeo aukera. Soilik etxekoen sarrerak erosi ahal izango dituzte, eta horretarako dobera@dobera.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!