«Okupazioa, ekozidioa eta ingurumenaren suntsiketa erabiltzen dira gerra-arma gisa»

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 11a, 00:00

Abeer M. Al Butmeh aktibistaren hitzaldia zegoen adostuta asteazkenerako. Kulturarteko Plaza Feministak prest zuen aretoa, baina protagonista falta zen. Bideodei baten bidez, aktibistak zenbait ideia mahaigaineratu zituen, ekozidioa erdigunera ekarriz. Genozidioaz ere mintzatu zen, baita Israel eta bere armada Gazan eta Zisjordanian egiten ari den sarraskiaz, emakume palestinarrez eta Europako estatuen eginbeharraz.

Hitzaldia zena elkarrizketa bihurtu zen asteazken arratsaldean. Palestinako emakume baten testigantza gertutik entzuteko aukera izan zen Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako aretoan. Abeer M. Al Butmeh zen gonbidatua. Ingurumen ingeniaria da bera, eta gaur egun Pengon-Foe Palestine, ingurugiroaren defentsarako sarearen koordinatzailea ere bada. 

Jakin-minez gerturatu ziren herritarrak aretora, Zisjordaniatik zetorren emakumeak esateko zituenak entzutera. Bertan UNRWA agentziako –Errefuxiatu palestinarrentzako NBEaren agentzia— kide batekin egin zuten topo herritarrek. Berak azaldu zuen Abeer-ek ez zituela bidaiatzeko baimenak lortu eta halaber, bideodei  bidezko elkarrizketa  egingo zela. Entzunleek ez zuten harridura azaldu. 

Ia bi orduko saioa izan zen eta Abeer-en irudia ikusteko aukerarik izan ez bazen ere, bere ahotsa eta ideiak garbi hartu zituzten entzuleek. 

Saioaren hasieratik ekozidioa izan zen elkarrizketaren erdigunea: «Ingurugiroaren defentsa, Palestinako herriaren justizia sozialaren eta giza eskubideen aldeko borroka bihurtu da», zioen Abeer-ek.

Aktibistaren lana, alde batetik, Palestinako komunitateek ura, lurra eta baliabide naturalak izateko duten eskubidea aldarrikatzea da, eta honetarako eragin kanpainak sortzea. Bestetik, Palestinako lurralde okupatuan gertatzen diren ingurumen urraketak ikusgarri bihurtzea du helburu. Azkenik, lan nekaezina egiten du energia berriztagarrien proiektuetan, uraren kudeaketan eta nekazaritza jasangarrian emakumeak protagonista izan daitezen.

Palestina erresistentzian

Ehunaka palestinar hiltzen dira egunero. Hilabete exkaxean 500 palestinar baina gehiago hil dira joseteak jota, eta beste ehunaka hil dira janaria lortu nahian. Eta noski, ahaztu gabe, gerraren ondorioz sortutako gaixotasun ezberdinengatik ere hiltzen direla hamaika palestinar. 

Okupazioa, ekozidioa eta ingurumenaren suntsiketa gerra arma bilakatu direla esanez hasi zuen elkarrizketa. 

Palestinarrei ukatu egin zaie oinarrizko ingurumen baliabideetarako sarbidea. Ez dago lurraldera elikagairik eta materialik sartzerik. Limitean bizi direla dio Abeer-ek. «Ukatu digute nekazaritza lurretara iristea, kolonoek hartu dituzte zeuden ur putzu gutxiak, eta ez dago mugitzeko askatasunik», dio aktibistak. 

Erabilgarriak diren lurren %94a erasotua izan da, eta kaltetuak izan ez diren lurrak ebakuatu egin dituzte beraz, ez daude eskuragai. «Lurra landu ezin dugunez ezin gara garatu», dio Abeer-ek. 

Bestalde, ingurumena erabat kutsatuta dagoela gaineratu du: «85 mila tonelada baino gehiago jaurti dira gure lurretara eta substantzia kimiko hauengatik gure lurrak emankorra izateari utzi dio». Baina, bi aukera daudela gogoratu du: «Gosez hiltzea ala elikagai toxiko horiek jatea». 

Horiek horrela, ingurumen inpaktua epe luzekoa eta itzulezina izango dela aipatu du aktibistak.

Proiektuen geldiaraztea eta boikota

«Ekozidio eta genozidio honen aurrean proiektuen geldiaraztea eta boikot egitea dira bideak», dio Abeer-ek. «Beharrezkoa dugu Europako gainerako estatuek ere bide hau jarraitzea. Israelekin proiektuak adostea eta finantzatzea genozidio honetan parte hartzea baita». Benetako ekintzak behar dituztela aldarrikatu du, eta ekintza hauek orain egin behar direla, berandu baino lehen. 

«Israel finantzatzen duten, eta beraz, genozidioa sostengatzen ari diren enpresen izenak» argitara atera behar direla dio Abeer-ek: «Enpresa hauek seinalatu eta boikoteatu behar ditugu. Petrolio-enpresak,  gure herriak eta lurrak suntsitzeko makineriaz hornitzen duten enpresak, edota HP, Google eta Amazon bezalako enpresak, Israel teknologia elektronikoz eta adimen artifizialez hornitzen dutenak».

Emakume palestinarrak okupaziopean 

UNRWAeko arduradunak Europan emakume arabiarrekiko, eta zehazki, emakume musulmanekiko dauden aurreiritziak aipatu zituen. Honi lotuta, okupaziopean emakume palestinarra izatea zer den galdegin zion emakumeari. Honela erantzun zion aktibistak: «Nekazari gehienak emakumeak dira gure lurraldean, eta lurra lantzeaz gain, seme-alaben heziketaz ere arduratzen dira. Orain, lan nekaezina egiten dute familia zaintzen, estresa eta beldurra ez daitezen eguneroko ogia izan». 

Kolonoen mehatxuak direla medio, emakume nekazari hauek ezin dute beraien lurretara jo. «Lekualdatuak izan dira, eta kanpin-denden artean landatzen hasi dira, poduktibo sentitzeko eta elikagaiak lortzeko. Lurrak txikiak eta kalitate gutxikoak badira ere, ekimen hauek beste komunitate batzuetan zabaltzera iritsi dira». 

Ordu bat gutxiago Zisjordanian

Orain arte Gaza izan da jopuntua, baina azken berriek diote Zisjordaniaren egoera bide beretik doala. «Urriaren 7tik agindu zuzena egon da Palestinako lurrak hartzeko. Begiekin ikusi dugu gure lurrak erasotzen, israeldar kolonoak gure putzuen jabe egiten, hesiak ipini dituzte pasa ez gaitezen. Janaria, elektrizitatea eta ura ukatuak zaizkigu, garbiketa etniko bat egitea da beraien helburua». 

Emakumeak kontatu du, alde batetik bestera mugitzeko aukera dagoenean ere, orduak pasatzen dituztela kontrol eremuetan: «Zisjordanian esaterako, kontrol eremuengatik egunero bi ordu  behar ditut lantokira ailegatzeko eta beste bi bueltatzeko. Isralego armadak ezarritako kontroletan  lau orduz egoten naiz, estres etengabean». 

Osasungarria ez den ingurune batean, komunera joateko jendez betetako hilarak itxaron behar dituzte palestinarrek egunero. 

Euren bizitokian seguru egoteko lekurik ez dagoela sentitzen dute: «Sentitzen duzu ez dagoela leku segururik lurralde osoan. Pentsa, gaur bertan tailer bat egiteko asmoa genuen, baina, Ramala erasotua izan da eta ekintza bertan behera utzi behar izan dugu», azaldu du Abeer-ek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!