Denboraldia amaitu berritan, errekonozimendu ederra jaso du Miren Garmendia patroi hernaniarrak: Denboraldiko patroi onenaren saria. Asteazkenean egin zuten sari banaketa, eta Hondarribiako bi patroiek jaso zituzten garaikurrak; Garmendiak berak eta Joseba Amunarrizek.
Hondarribiako traineruak maila galdu badu ere, lan bikaina egin du gidaritzan Garmendiak. Patroi onenaren saria ziabogak egiteko denboren bidez neurtzen da, puntuaketa sistema propioarekin. Hala, 84 punturekin lortu du 3.000 euroko saria hernaniarrak. 2021ean ere patroirik onena izan zen.
Garmendia pozik agertu da sariarekin, eta egindako lanaren errekonozimendu modura hartu du: «Ilusio haundia egiten dit sari hau jasotzeak. Patroi baten atzean lan asko dago, normalean ikusten ez den lana. Gogor entrenatzen dut neguan, udaran nire bertsiorik onena eman ahal izateko. Errekonozimendu polita da hau, eta ilusioz igo naiz denboraldian zehar mailoten bila. Izen abizenak dituen saria da, baina argi daukat talde lan on baten emaitza dela, eta arraunlariekin oso eskertuta nago».
AZKEN SAILKAPENA
1. Miren Garmendia - 84 puntu
2. Joana Halsouet - 80 puntu
3. Maider Echaniz - 79 puntu
4. Nicole Maroño - 78 puntu
5. Nerea Perez - 68 puntu
6. Inge Ugarte - 58 puntu
7. Lara Fernandez - 38 puntu
8. Amane Jimenez - 34 puntu
9. Naroa Goikoetxea - 26 puntu
10. Nagore Osoro - 16 puntu
11. Paola Gonzalez - 13 puntu
12. Amaia Apezetxea - 2 puntu