Biteriko Udazkeneko programazio guztirako sarrerak asteazkenean jarri ziren salgai kultur etxean bertan eta online. Artista hernaniarren presentzia nabarmena izango da Biterin datozen hilabeteetako programazioan, arte eszenikoen alor ezberdinetan. Oholtza gainean ikusiko ditugu Xabi Solano, Joana Ortega eta Maite Larburu musikan; Amalia Elortza dantzan edota Ainhoa Pineda antzerkian.
Horrez gain, musika arloan esanguratsua izango da azaroa, Santa Zeziliaren bueltan emanaldiak eskainiko dituzte, Musika Bandak, Musika Eskolak eta txistulariek.
Antzerki programazio zabala eta Ekizaren musika
Musikaren arloan, Ekiza bakarlariaren kontzertua izango da abenduan. Antzerkian, helduentzako hiru emanaldi izango dira: Renata eta Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? euskeraz eta Nevenka espainieraz. Haurrentzako ere eskaintza zabala izango da datozen hilabeteetan: klownak (Pausa), txotxongiloak (Krim otso txikia) edo musikalagoak diren emanaldiak (Boom boom).
Abenduan, Sandiusterrin, Ainhoa Pineda hernaniarrak eta haren taldeak Plisti-plasta eskainiko du. Udal liburutegiak ere udazkeneko eskaintza prest du: irakurketa taldeak, ipuin kontaketak haurrentzat eta IV. Hernanikomik azoka izango baitira. Hernani Zineklubaren programazioak eta lau erakusketak osatuko dute Biteri kultur etxeko udazkeneko eskaintza.
Programazioa jasotzeko tokiak
Programazioaren liburuxka ere eskuragarri dago auzo ezberdinetako ekipamendu hauetan: Biterin; Euskararen Faktoria (Larramendi, 11); Haur, Nerabe eta Gazteria saila; Herritarren harrera zerbitza-HHZ; Kulturarteko Plaza Feminista; Plazara gunea; udal euskaltegia; udal kiroldegia; zerbitzu sozialak; Zikuñagako Libgunea eta Ereñotzuko udala.