Amherrek urtero antolatzen duen Topaketa Gastronomikoa etzi igandean, urriaren 12an, izango da, Astegindegiko plazan, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Hamar bat herrietako janaria dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnak, mokadu txikietan: Ghana, Kolonbia, Maroko, Senegal, Honduras, Nigeria, Ekuador, Dominikar Errepublika, Portugal, Argentina eta Euskal Herrikoak.
Aurten, egutegiaren ondorioz, Topaketa Gastronomikoak urriaren 12ko jai ofizialarekin bat egin du. Urriaren 12a Abya Yalako (Amerika) milioika biztanlerentzat genozidioa eta esklabotza ekarri zuen “Amerikaren aurkikuntza” gisa ospatzen den eguna da. Amherren ustez, genozidioa ezin da ospatu, ez lurraldeen okupazioa, ez iraganeko eta egungo kolonialismoa. Horregatik, «data esanguratsu hori hernaniar jatorriko pertsonen eta beste hainbat tokitatik etorritakoen arteko topaketa eguna bihurtzea nahi dugu, jai ofizialaren esanahiaren guztiz kontrakoa. Zaporeak eta elkarrizketak partekatzeko topaketa, elkar aitortzeko eta elkartasuna adierazteko, ez festa bat».
Amher elkartetik diotenez, «datak munduan zehar hedatutako kolonialismoa sinbolizatzen du, hau da, beren interes ekonomiko, politiko eta erlijiosoen arabera nagusitzat jotzen diren estatuek herriak eta nazioak menderatzea».
Ondorioak izugarriak dira Amherrek azaltzen duenez: «migratzaileen milaka heriotza, arraziatutako pertsonen kriminalizazioa eta jazarpen poliziala; lana edo etxebizitza lortzea zailtzen duen arrazakeria; lurralde eta herrien arpilatze kapitalista; Palestina, Sudan eta Kongokoak bezalako okupazio eta gerrak, interes kapitalistek sustatuak».
Azkenean, antolakuntzatik eskatzen da Topaketara hurbiltzen direnek platera edo tupperra eta mahai-tresnak ekartzea. «On egin gurekin!».
Urriak 12ari buruz, Amherren manifestua Urriaren 12a “Amerikaren konkistak” ekarri zuen genozidio itzelaren zamarekin iritsi zen, baita milioika pertsonaren esklabotzaren basakeriarekin ere. Ez bakarrik Abya Yalako (Amerika) biztanleena, baizik eta kontinente “berrira” eramandako Afrikan bahitu eta esklabu bihurtutako miloika pertsonena. Esan genezake urriaren 12an munduan zehar hedatutako kolonialismoa sinbolizatzen duela, hau da, beren interes ekonomiko, politiko eta erlijiosoen arabera nagusitzat jotzen diren estatuek herriak eta nazioak menderatzea. Gaur arte, sistema kolonial krudel horrek modernitatearen ideia ahalbidetu du, Europaren bilakaera materiala eta boterearena arrazializatutako pertsonen gorputzen, jatorrizko herrien eta Ama Lurraren kontura. Sistema horretan dago egungo kapitalismoaren oinarria eta maila globalean jarduten duen egiturazko arrazakeriari eustea, baita gure jatorrizko lurraldeetan ere. Ospatzeko ezer ez, beraz. Sistema horren ondorioak izugarriak dira: dozenaka mila migratzaile hila mugetan eta itsasoan; nazioak eta herriak xahutzen dituzten multinazionalen arpilatze estraktibista; arpilatze kapitalistaren aurrean beren lurraldeak defendatzen dituzten jatorrizko herrien eta komunitateen kriminalizazioa; arrazalizatutako pertsonen aurkako jazarpen poliziala; irregulartasun administratiboak, CIESak (migratzaileentzako benetako kartzelak); lana edo etxebizitza lortzea zailtzen duen arrazakeria... Ezin dugu ahaztu Palestinako okupazio genozida, Israelgo Estatuaren proiektu kolonizatzailearen helburu bat, ezta Kongon, Sudanen eta munduko beste leku batzuetan interes komertzialek sustatutako gerrak ere. Ezta «trantsizio ekologiko» kapitalista engainagarria ere, milioika pertsona bizi baldintza miserableetara eta etorkizunik gabekoetara kondenatzen dituena. Horren guztiaren aurrean, erresistentziak daude. Kolonialismo kapitalista jasaten duten herri eta nazioetan zein hori sustatzen duten Estatuetan, jatorrizko herrien eta pertsona migranteen eskubideen erresistentzia eta aldarrikapen modu desberdinak antolatzen dira. Lan luzea baina ezinbestekoa da, iraganaz eta gaur egun xenofobia, arrazakeria eta jarrera faxisten hedapenean ikus daitezkeen etorkizuneko mehatxuez oso kontziente izatea eskatzen diguna. |