Oronak Hernanin dituen azpiegiturak haundituko ditu

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 9a, 16:56

Oronako, Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariak, gaurko agerraldian.

60.000 metro koadroko lursaila erosi du Estubegin, eta egun dituen azpiegiturak nabarmen haundituko ditu. Aurreikuspenen arabera, 150 lanpostu berri sortuko ditu. 60 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresak azpiegituretan. 

Une gozoa bizitzen ari da Orona enpresa, eta apustu sendoa iragarri dute gaur eguerdian. Hernanin dituen azpiegiturak nabarmen haundituko ditu, eta horretarako 60.000 metro koadroko lursaila erosi du Estubegin, Galarretako eraikinetik metro gutxira. Erositako partzelako 30.000 metro koadro eraikigarriak dira, eta 60 milioi euroko inbertsioa egingo du azpiegitura berriak eraiki eta egungoak hobetzeko. Aurreikuspenen arabera, 150 lanpostu berri sortuko ditu Oronak lanak bukatzen direnean. 

Mikel Jauregi Industria sailburuak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Oier Lizarazu Oronako zuzendari nagusiak eman dute erabakiaren berri. Hiru ordezkariek «estrategikotzat» jo dute Oronaren mugimendua, «etorkizunera begira» jarri delako enpresa. Xehetasun haundirik eman gabe, Lizarazuk azaldu du azpiegitura berriak «malgutasuna» emango diola fabrikazio prozesuari: «Egungo kokalekuen gune logistiko eta industrial berean integratuta dago, eta aukera emango du Oronaren industria-gaitasunen kudeaketa globala bateratzeko eta testuinguru globalean posizio lehiakorrean lidergoa mantentzeko».

Erositako lurraren jabetza erakunde askorena da, horien artean Hernaniko eta Astigarragako Udalena. Hala ere, prentsaurrekoan ez dute adierazi zenbat ordainduko duen Oronak lursailarengatik. 

Mondragon taldea utzita, sekula baino gehiago fakturatzen ari da Orona. Gaur jakinarazitako inbertsioa 2030era begirako plan estrategikoaren barruan dago, eta ez da bakarra izango. Jundizen duen plantan ere hobekuntzak txertatuko dituztela jakinarazi du Lizarazuk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!